Inauterietako programari azken ukituak ematen ari da udala
Atzerako kontaketa hasi du udalak. Ohiko desfileak egitea aurreikusi dute, baina osasun egoeraren arabera aldaketak egon daitezkeela jakinarazi du.
Irungo Udala aurtengo Inauterien programari azken ukituak ematen ari da, atzerako kontaketa hasi du. Asmoa da aurreko ekitaldietako itxura berreskuratzen joatea, baina beti ere pandemiaren egoera kontuan hartuta. Otsailaren 19 eta 20an Irungo kaleetan desfilatuko duten konpartsekin lanean ari da udala, programa osatzeko. Larunbatean Kaldereroen desfilea eta igandean Inude eta Artzainena egitea aurreikusi dute.
Programa itxi aurretik, biharko LABIk aurreikusia duen bileran zer erabaki eta zein neurri hartuko diren itxarongo dutela esan dute udaleko iturriek.
Juncal Eizagirre ordezkariak esan duenez, “Eguberrietan Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek Irunera egindako bisitarekin gertatu zen bezala, ororen gainetik arduraz jokatu nahi dugu, eta Inauteriak ahalik eta gehien egokitu nahi ditugu, egoerak eskatzen dituen arretaz eta zuhurtasunez, baina, aldi berean, ilusioa eta itxaropena transmititu nahi ditugu gerora begira, nahi baikenuke gogoan ditugun Inauteriak lehenbailehen itzultzea”.
Era berean, udalak gogoratu du bihar (hilak 28) 14:00etan bukatuko dela Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartzeko epea.