Bosgarren Ribera bekek badituzte irabazleak
"Bidasoa ibaiari eta memoria historiko eta muga kontzeptuei buruzko ikerketa eta ekintza proiektu bat" garatu beharko dute bi bikote onuradunek, bederatzi hilabeteko epean.
Irungo Udaleko Kultura sailak “hirian sorkuntza artistikoa eta ikerketa bultzatzeko” asmoz Ribera Bekak eta artistei laguntzak emateko deialdia antolatu ditu aurten ere, eta dagoeneko emaitzaren berri eman du, onuradunak aukeratu dituzte jada.
Ribera bekaren asmoa , sailaren arabera, “Bidasoa ibaiari eta memoria historiko eta muga kontzeptuei buruzko ikerketa eta ekintza proiektu bat garatzea” da. Lehen edizioetan antropologia gaiak ziren proiektuaren ardatz nagusi, baina iaztik, esparrua zabaldu dute, geografiara, soziologiara, nazioarteko harremanetara, biologiara edo ingurumen zientzietara, “ikuspuntu humanizatutik betiere”. Emaitza artistikoa da, edozein diziplinakoa. Ondorengoak dira aurtengo edizioko irabazleak:
- Susana Diaz Potenza artista bisuala eta Julieta Gaztañaga antropologoa, Giza az pegiturak Bidasoa inguruan. Mugaren, bizitako memoriaren eta kontaktu guneen arteko zubiak izeneko lanarekin.
- Arte ederretan lizentziatutako Abel Jaramillo eta Artearen Historian aditu Claudia Eliesena, Artxiboa/ibaia. Paisaia, kontaketa eta ekintza Bidasoan izeneko lanarekin.
Bikote bakoitzak 9.000 euroko beka jasoko du, eta bederatzi hilabetean egin beharko dituzte euren proiektuak. Ondoren, Ribera jardunaldiaren barruan erakutsiko dute emaitza.
Hiriko artistentzako laguntzak
Era berean, Ribera bekarekin batera, sorkuntza artistikoakoadierazpenak ere sustatu nahi ditu udalak, “erreferentziazko markotzat Bidasoko eskualdea eta beronen eragin eremua hartuta eta mugaz gaindiko parte hartzean arreta berezia jarrita”. Hala, Irungo gazte sortzaileen lanak ezagutarazi nahi dituzte. Orotara bi beka eman dituzte, bakoitza 6.800 eurokoa. Raquel Asensirena (Aguas de Cantaro lanarekin) eta Izaro Ieregirena (Touch me loud lanarekin) izan dira onuradunak.