GazteARTEAn-en webguneak itxura berria du
"Arloaren baliabideak gazteei helarazteko eta erakundearen eta gazteen arteko harremanetarako kanal berri bat sortzeko" helburuarekin berritu dute. Udalaren eta gazteen arteko komunikazioa arindu nahi dute webgune berriarekin.
GazteARTEAn Irungo Udaleko Gazteria sailak webgunea berritu du, “arloaren baliabideak gazteei helarazteko eta erakundearen eta gazteen arteko harremanetarako kanal berri bat sortzeko” asmoz. Bi helburu nagusi dituela azaldu dute udaleko iturriek. Alde batetik, sailaren zerbitzu, baliabide, programa eta egitasmoen berri ematea du xede, “modu ireki, dinamiko eta erakargarrian”; bestetik, gazteen proposamenak jaso nahi dituzte, zerbitzuaren jarduerak elkarrekin antolatzeko.
Santi Jimenez saileko ordezkariak esan duenez, tresna honi esker “arloaren eta Irungo gazteen arteko komunikazioa arinagoa izango da, eta harreman estuagoa izan ahalko dugu; hiriko gazteei Irungo eguneroko bizitzaren parte sentiarazten jarraituko diegu; eta jarduera berriak jarri ahalko ditugu martxan, elkarrekin”.
Planteamendu “bisual eta erakargarria” egin dute webgune berrirako. Hizkuntza zuzenekoa dela gaineratu du ordezkariak, baita ere inklusiboa dela, “konfiantzazko giroa” sortu nahi baitute gazteekin. Informazioa eta hartu-eman horrez gain, podcastak, bideoak edo bisita birtualak ere eskainiko dizkiete irundar gazteei.
Lotura honetan ikus daiteke webgune berritua.