"Gure osasunaren alde" bildu dira Bidasoa Ospitalearen atarian
Gaur ere protesta egin dute osasun profesionalek eta Osasun Bidasoa plataforma herrikoiak. Bloke kirurgikoaren obrak paralizatzeko eskatu dute enegarrenez.
Gaur ere Bidasoa Ospitaleko osasun profesionalek protesta egin dute atarian, eta azken asteetan bezalaxe, herritar ugariren babesa izan dute, bertan izan dira Osasun Bidasoa plataformako kide eta zenbait politikari ere. Enegarrenez, bloke kirurgikoa birmoldatzeko obrak gelditzeko eskatu diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. “Betikoa aldarrikatzen segitzen dugu, obrak paralizatu ditzatela, hitz egiteko eser gaitezen eskatzen diogu Jaurlaritzari. Herritarrak eta haien beharrak kontuan hartu behar dituzte, eta ezkutuan aritu dira orain arte”, esan du amorruz ospitaleko langile Maria Jesus Alfonsok.
Datozen ostiralean irudi berbera errepikatuko da ospitalearen atarian, protestekin jarraitzeko asmoa baitute. Martxoaren 19an manifestazioa egingo dutela iragarri dute, “eskualdea eta herritarrak jasaten ari garen diskriminazioa salatzera” deitu dute.