[Erreportajea] «Haserrea da hitza, egoera honekin nazkatuta gaude»
Otsailean epaituko du Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal. Torturapean ateratako testigantzetan oinarrituko dira, gertukoek salatu duten bezala, «haren kontrako benetako frogarik ez izan arren».
Estremerako (Madril, Espainia) espetxean dago jada Iratxe Sorzabal euskal preso irundarra. Hegazkin militar batean atera zuten Frantziatik ostiral goizean, eta arratsaldean espetxeratu zuten. Behin-behinean Espainaratu dute, Espainiako Auzitegi Nazionalean otsailaren 7 eta 8an epaituko baitute, 1996an Gijonen (Asturias) ETAren izenean bi lehergailu jartzea leporatuta.
«Frantziatik atera aurreko egunetan urduri zegoen, baina lasai dago Iratxe», kontatu dio Hitza-ri Iratxeren Lagunak taldeko kide Iñigo Larrazabalek. Ostiralean bertan haren senideekin hitz egiteko aukera izan zuela esan du, baina ordutik, tamalez, ezin izan dutela irundarrarekin hartu-emanik izan.
Azken urteetan euroagindu eskaera ugari egin dituzte Sorzabalen kontra. Baina horietako bat atzera bota zuen Parisko Dei Auzitegiak iaz, ezin izan baitzuten baztertu torturarik jasan zuenik. Bost eguneko atxiloketa garaian izan ziren tortura horiek. Sorzabalen abokatuak eta euskal presoaren senide eta lagunek maiz gogorarazi dute hainbat erakundek egiazkotzat jo zituztela haren kontrako tratu txarrak. Baina hala eta guztiz ere, torturapean ateratako testigantza horretan oinarrituko dira epaiketarako. «Iratxe basati torturatu zutela argi geratu da, torturatzaileak, gainera, ez dira sekula auzitegi batean eseriko, lotsagarria da. Haren kontrako froga guztiak torturapean oinarritzen dira. Haserrea da hitza, egoera honekin nazkatuta gaude».
Epaiketaren atarian, Iratxeren lagunek aitortu dute ez direla oso baikorrak, «nahiz eta badakigun ez dutela haren kontrako benetako frogarik». Esperantza txiki bat badute, baina kontziente dira ezin dela baztertu kondena osoa betetzeko aukera . «30 urte baino gehiagoko kondena betetzeko arriskua du Iratxek. Euroagindu eskera guztietan torturapean ateratako informazioan oinarritzen dira, beraz, horietako bat atzera botaz gero, besteetan ere hala izan beharko luke. Lehenengo epaiketa honek markatuko du Iratxeren etorkizuna.
Xantiana Cachenaut abokatuak aurreikusi du gehienez martxoaren 15era bitarte izango dutela preso Espainian. Orduan berriro Frantziara mugituko dute, han duen kondena bete arte. Iraila edo urri inguruan amai dezake kondena hori.
Mobilizazioak eta dokumentala
Joan den ostiralean egin zuten Sorzabalen aldeko lehen mobilizazioa, 150 lagun inguru bildu ziren San Juan plazan. Otsailaren 5ean, aldiz, manifestazioa egingo dute.
Sorzabalen egoera salatzeko ez dute soilik kalea baliatuko. Izan ere, Bi Arnas izeneko dokumentala aurkeztu berri dute. Horretan, Sorzabal bera eta bere ama dira protagonistak. «Torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat», azaldu du Iratxeren Lagunak taldeko kide Imanol Arzuaga Kima-k. Dokumentala bukatu ahal izateko crowdfunding bat abiatu dutela kontatu du, eta www.itsulapikoa.eus webgunean ekarpena egitera deitu ditu herritarrak. «Lagun asko ditu Iratxek, eta konplize asko aurkitzen ari gara bide honetan, dena errazagoa da horrela».