Francisco Jose Ramada 'Bera' euskal preso irundarra ospitaleratu egin dute
ZIUn ingresatu dute, Martuteneko espetxean bihotzekoa izan baitu goizean. Deituko dituzten mobilizazioetara adi egoteko deia egin dute haren gertukoek.
Francisco Jose Ramada ‘Bera’ euskal presoa ospitaleratu berri dutela jakinarazi dute haren gertukoek, ZIU zaintza intentsiboen unitatean ingresatu dute, bihotzeko bat izan baitu goizean Martuteneko kartzelako patioan. Bihotzekoa eman, erori, eta buruan “kolpe latza” hartu duela zehaztu dute senide eta lagunek. 58 urte ditu Ramadak, eta 21 urte darama espetxean. Kondenaren hiru laurdenak 2020ko irailean bete zituen. Horregatik, Sarek jakinarazi du espetxetik kanpo beharko lukeela izan irundarrak. 2020ko maiatzean Murtzia I presondegitik Iruñekora lekualdatu zuten Bera. Iazko otsailetik, berriz, Martutenekoan dago.
Etxerat-ek ohar bidez jakinarazi duenez, Murtzia I. presondegian zegoela —Euskal Herritik 830 kilometrora— ebakuntza kirurgiko bat egin zioten, eta ebakuntza horren ostean «berehala» espetxera itzularazi zuten, «nahiz eta oraindik min handia izan». Irundarra «berehala aske uzteko» eskatu du Etxerat-ek oharrean, «bere egoera delikatua delako, eta kontuan hartuta, gainera, 2020ko irailean bere zigorraren hiru laurdenak beteta zituela, eta dagoeneko zigorraren azken fasean dagoela». Horrekin batera, presoari nahiz haren senitartekoei «animo mezuak» helarazi dizkie Etxerat-ek.
Datozen orduetan Etxerat-ek informazio gehiago emango du. Euskal presoaren egoera salatzeko deituko diren mobilizazioetara adi egoteko eskatu dute gertukoek.