Oiassoko termak berreskuratzeko obrak urtea amaitu aurretik hasi nahi ditu udalak
FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izan da Jose Antonio Santano alkatea. Bertan aurreratu du 2022a amaitu aurretik hasi nahi dituztela museoko terma erromatarrak berreskuratzeko lanak.
Madrilen (Espainia) egiten ari diren FITUR Nazioarteko Turismo Azokaren protagonistetako bat Irun izaten da aurten ere. Bertan izan dira Jose Antonio Santano alkatea eta Miguel Angel Paez lehen alkateordea, ‘Irun Erromatar Helmuga’ eta ‘NaturRed. Sentitu historia, sentitu natura. Erdi Aroko Hirien Sarea’ proiektuak aurkezten.
‘Irun Erromatar Helmuga’ proiektuak, alkatearen arabera, hiriaren iragan erromatarra eta antzinako Oiassoren inguruko ondare historiko eta kulturala sustatu eta zabaltzeko abian jarritako egitasmo guztiak biltzen ditu, besteak beste, erromatar museoa eta portuko hondakinak, Ama Xantalengo nekropolia edo Irugurutzetako meategiak. “Turismorako leku berezia gara, erromatar iragana baitugu, eta hori berezia da Atlantikoko ardatzaz ari bagara. “Gure oinen azpian erromatarren kokagune bat dago, mundu erromatarrean erreferentzia izan zen merkataritza- eta portu-zentro garrantzitsu izan zena. Horrek aukera ematen digu hirian gauza asko egiteko.”, esan du azokan Santanok.
Azokan eskaini duten aurkezpenean, proiektu estrategiko batez ere aritu dira: Oiassoko termak. “Arkeologi eta ondare balio handi hori berreskuratzea falta zaigu”, erantsi du alkateak. Hala, termak berreskuratzeko bi milioi euro jasoko ditu Irunek Europako funtsetatik, EAE osoko hamaika proiektu aukeratuetako bat izan da hau. “Jarduketa honekin puntu enblematiko bat osatuko da, balio historiko eta turistiko handikoa, turismorako trakzio-efektua duena”, erantsi du. Udalaren asmoa da obrak urtea amaitu baino lehen hastea.