EAJ: "Anbizio handiz eta elkarrekintzan, etorkizuneko proiektuak bultzatzeko unea da"
"Hirirako estrategiako diren proiektu ugari paralizaturik" jarraitzen dutela salatu dute jeltzaleek, horietako asko onartuta egon arren. Aurrera pausoak emateko eskatu diote udal gobernuari.
Irungo EAJ taldea kezkatuta agertu da “hirirako estrategikoak diren proiektu ugari paralizaturik” daudelako. Horietako asko onartuta egon arren, oraindik egin gabe daudela salatu dute, eta garatu eta gauzatzeko ordua dela uste dute. Hori eskatu diote Jose Antonio Santano alkatea buru den udal gobernuari.
Besteak beste, Iparralde-Galen hirigintza-garapena geldituta dagoela, Lapitze kalea berrurbanizatzeko konpromisoak10 urte baino gehiagoko atzerapena duela edo Olaberria bailara babesteko planaz “oraindik ezer jakin gabe jarraitzen dugula” salatu dute. Horregatik, alkateak egindako analisirekin bat datorren arren, taldeak uste du “Irun aktibatzeko, gauzak beste modu batera egiteko beste lidergo batzuk izatea beharrezkoa” dela. “Berak badaki Irunek aurrera pausurik egiten ez duela eta geldirik dagoela”.
Hiriaren historian “une bereziki garrantzitsu baten aurrean gaudela” erantsi dute jeltzaleek, eta garaia dela etorkizuna “biziki eraldatuko duten erabakiak” hartzeko. Finean, “Irungo ekonomiari, hiri gisa duen erakargarritasunari edo pertsonon bizi kalitateari zuzenean eragingo dioten erabakiak” hartu behar direla nabarmen du EAJk, eta bide horretan taldea akordio handiak bultzatzeko lanean ari dela. Zentzu honetan gogoratu dute, besteak beste, Plaiaundiko kirol instalakuntzak Txenpereneara eramateko edota “Korrokoitz eremua desblokeatzeko” proposamena egin zutela.
“Pertsonalismoak alde batera utzi eta Irun hobeago baterantz apustua egiteko unea” dela uste dute jeltzaleek, “beti ere, determinazio handiarekin eta elkarrekintzan”.
Udal gobernuaren aldetik jasotako dokumentua talde politiko guztien arteko adostasunetik landu beharko dela erantsi dute. “Konpromisoaren unea da, elkarrekintzarena, beste instituzioekin lankidetzan aritzearena, EAJn egiten ari den moduan. Halaber, hiri oparoago baterantz egiteko unea da ere, Irun gehiagoren alde lan egitekoa, hain zuzen”.