Bloke kirurgikoaren eraberritze obra osasun langileekin adostu behar dela aldarrikatu du EH Bilduk
Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoaren berritze lanak "ez hasteko" eskatu du gaur koalizio subiranistak, "eraberritze lanetan kontutan hartu beharreko irizpideak eta obra nola gauzatu adostu arte".
EH Bilduk agerraldia eskaini du gaur goizean Bidasoa Ospitalearen aurrean. Oihana Briones Irungo zinegotziarekin eta Hondarribiko zinegotzi Xabier Isasirekin batera, bertan izan dira Rebeka Ubera legebiltzarkidea eta Lesakako Ladis Satrustegi alkatea.
Kezka agertu dute Osakidetzaren lehen arretaren egoerarekin, “horretan fokua jartzen urteak” daramatzatela esanez hasi dute gaurko agerraldia. “Ez da azken bi urteotako pandemiaren eragina, aspalditik dugun lehentasun politikoa baizik.”, esan du Uberak. COVID-19aren pandemiak Osasun Sistema Publikoaren “gabeziak agerian utzi” dituela erantsi du, finean “arreta guneak berrantolatzearen ezinbetekotsuna eta lehen arreta sendo bat gabe ezinezkoa dela Osasun Sistema indartsu bat izatea” utzi dute agerian haien ustez.
Gabezi horiei “makina bat soluzio” eman behar zaizkiola gaineratu du legebiltzarkideak, eta horren adibide gisa eskualdeko ospitalea jarri du. “EH Bildun urteak daramatzagu Bidasoa ospitalerako proposamen propio bat defendatzen, Bidasoaldeko ESIan mugaz-gaindiko ospitalea bideratzearen proposamena, hain zuzen ere. Dagoeneko, badago elkarlana Bortzirietako eskualdearekin eta Emergentziaketik Iparraldearekin”.
Horri lotuta, bloke kirurgikoaren gaiaz aritu da, gaia “kezkaz” jarraitu duela esan du, “makina bat baitira horretarako arrazoiak”, haren ustez. Besteak beste, Osasun Sailari informazio eskaerak egin dizkiotela gogoratu dute, baina horren aurrean ez dutela “zehaztasun nahikorik jaso”. Osakidetzako Zuzendaritzari bilera bat ere eskatu zion koalizio subiranistak, eta oraindik ez dute erantzunik jaso, hori salatu dute gaurkoan. “Obrak irauten duten
tartean orain arteko jarduera bermatzeko Plan Funtzionalaren xehetasunak ere ez ditugu ezagutzen”, erantsi du Uberak.
Bloke kirurgikoa berritzeko proposamena ospitaleko langileekin ez dela adostu erantsi du amorruz, “eta hori larria da” taldearen ustez. Horregatik, eskera zuzena egin du, “Osakidetzak esleituta dituen Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoaren eraberritze obra ez hastea” eskatu du EH Bilduk, “ospitaleko bloke kirurgikoko osasun langileekin, eraberritze lanetan kontutan hartu beharreko irizpideak eta obra nola gauzatu adostu arte”. Amaitzeko, Osasun Bidasoa herri plataformak eskatu bezala, Osakidetzak, kaltetutako udalek eta ospitaleko langileek osatuko luketen mahaiari bide ematea eskatu dute.