Parte hartu daiteke jada aurrekontu parte hartzaileetan
Hondarribian erroldatuta eta gutxienez 16 urte dutenek ahalko dute eman botoa, urtarrilaren 28a arte.
Joan den abenduan, lehen aurrekontu parte hartzaileen aurkezpena egin zuten Txomin Sagarzazu alkateak eta Maria Serrano Gazteria zinegotziak.
Orduan, herritarrek proposatutako ideietatik bost hautatu zituztela bozketarako eman zuten aditzera ere: Haurrentzako parke bat estaltzea, Amuteko frontoia estaltzea, Pump track bat sortzea, hau da, bizikletentzako zirkuitu itxi bat, San Markos parkeko irisgarritasuna hobetzea, eta txakurren aisialdirako gune bat eraikitzea.
Orain, Hondarribian erroldatutako 16 urtetik gorakoek, proposamenetako bat bozkatu ahalko dute, urtarrilaren 30a arte. Udalaren orrialdean eman daiteke botoa, baina nahi duenak, bozkatzeko laguntza jaso dezake 10:00etatik 13:00etara, honako leku eta egunetan:
- Urtarrilak 19 eta 26: Udal Liburutegian.
- Urtarrilak 20 eta 27: Amute-Kosta auzo elkartean.
- Urtarrilak 21 eta 28: Mendeluko auzo elkartean.
- Urtarrilak 22 eta 29: San Pedro kaleko azokan.
- Urtarrilak 25: Kiroldegian.
Boto gehien lortzen dituen proiektu bakarra burutuko dutela dio udalak, 2022an zehar.