"Irungo deszentralizazioa eta etxebizitza publikoa ardatz" dituen zuzenketak aurkeztu ditu EH Bilduk
2022ko aurrekontuei zenbait zuzenketa aurkeztu dizkio koalizio subiranistak, "irundarron bizi-baldintzak hobetu eta Irunen dagoen arrakala soziala txikitzeko" asmoz.
Irungo EH Bilduk jada 2022ko aurrekontuei zenbait zuzenketa egin dizkio, “irundarron bizi-baldintzak hobetu eta Irunen dagoen arrakala soziala txikitzeko” asmoz. Bi ardatz nagusitan jarri dituzte indarrak bereziki: hiriaren deszentralizazioan eta gazteei begirako alokairuko etxebizitza publikoan.
Lehen ardatzari dagokionez, taldeko kideek gogoratu dute koalizioak urteak daramatzala “auzoei indarra eman behar zaiela aldarrikatuz, auzoek egiten baitute Irun”. Bide horretan ezinbestekotzat jo dute auzoak udal zerbitzuekin hornitzea. Zehazki, hiru auzotan proiektu pilotuak abiatzea proposatu dute zuzenketa horretan. Honek hiru ardatz izango dituela aurreratu dute, hala nola, HAZeko unitatea, ongizate saileko lehen arreta zerbitzua eta CBArekin sarean funtzionatuko lukeen kulturgune-liburutegia. Landetxa, Anaka eta Elitxu izango dira proiektu pilotu honetarako proposatutako auzoak, baina koalizioaren asmoa da auzo guztietara zabaltzea. Orotara 250.000 euroko zuzenketak aurkeztu dituzte honetarako.
Bigarren ardatzari dagokionez, taldekoek esan dute aurreko urteetako aurrekontu akordioetan alokairuzko etxebizitza parke publikoa sortzea izan dela haien asmo nagusietako bat. Orain arte sei milioi euro adostu dituztela gaineratu dute, eta aurten ere gai honetan sakondu nahi izan dutela, “gazteengan arreta berezia jarrita”. Hala, gazteei begirako alokairuzko apartamentuak egitea proposatu dute, 2.833.964 euroko zuzenketa aurkeztu dute, 2022, 2023 eta 2024an egiteko.
Migranteen egoera eta euskara
Bi ardatz nagusi hauez gain, migranteen egoera ere mahai gainean jarri nahi izan du EH Bilduk, “Irun drama humanitarioa bizitzen ari baita”. “Irungo udalak ez du gaiaren gaineko eskumena, ezta ardura
osoa. Baina Irungo Udalak ezin dio gaiari bizkarra eman”, esan dute. Horregatik, erakundeek kudeatutako dispositiboen protokoloa aldatzea eskatu dute, “plaza hutsak egon arren askotan zenbait migratzaile dispositiboetatik kanpo geratzen baitira, baita neguko gau hotzetan ere”. Kale gorrian geratzen diren migranteen profila eta kasuistikarekin txosten tekniko bat egitea eskatu diote udal gobernuari, “inork ez duelako beste tragediarik bizi nahi”. Ikerketa honetarako 15.000 euro bideratzea proposatu dute.
Amaitzeko, aurkeztutako zuzenketen gaineko negoziazioetan taldearentzat “oso garrantzitsua” den gai bat txertatuko dute ere: euskararen aldeko konpromisoa har dezala udal gobernuak, “udaletxe kanpora zein barrura begira, euskararen erabileran salto kualitatiboa emanez, euskara ez dadin gehiago bigarren planoan egon”. Konpromiso hori, agerraldietan zein kontratuetan islatu beharko litzatekeela uste du taldeak. Azken honetan, klausulen kontrola areagotzea eskatuko dute.