Aurten ere FITUR azokan txoko bat izango du Irunek
'Irun Erromatar Helmuga' eta 'NaturRed. Sentitu historia, sentitu natura. Erdi Aroko Hirien Sarea' proiektuak aurkeztuko dituzte Madrilen.
Irungo Udala, Hondarribikoarekin batera, bihartik (hilak 19) igandera bitarte (hilak 23) Madrilen egingo duten FITUR Nazioarteko Turismo Azokan izango da, ‘Irun Erromatar Helmuga’ eta ‘NaturRed. Sentitu historia, sentitu natura. Erdi Aroko Hirien Sarea’ proiektuak aurkezteko.
“FITUR oso leku aproposa da gure eskualdeko eskaintza turistikoa ezagutarazteko; beraz, aurten ere ezin gara falta izan. Oraingo honetan, eskualdean dagoen eskaintzari are balio handiagoa ematen dioten bi proiektu berri aurkeztuko ditugu”, esan du Bidasoa Bizirik-eko lehendakari Miguel Angel Paezek.
Jose Antonio Santano alkateak eta Paezek aurkeztuko dituzte bi proiektuak. Bidasoa Bizirikeko iturrien arabera, “Irun Helmuga Erromatarra proiektuak Irungo kokapen turistikoa hobetuko du erromatar helmuga gisa, eta horrek bultzada bat emango dio Atlantikoko Hiri Erromatarren Sareko kide izateari”. Bigarren proiektuak aldiz, “kulturaz betetako hiri horiek ezagutzeko modu berri bat eskainiko du, bere altxor naturalen bidez”.
Era berean, eskualdeko planoen azken berrargitalpenak erakutsiko dituzte, baita ostatuei, jatetxeei, Irun Berdea proiektuari eta beste zenbaiti buruzko informazioa jasotzen duten liburuxkak ere.