Aurrekontuetarako hiru proposamen egin ditu EAJk, "hiriari behar duen bultzada eman diezaiogun"
Dunboako Poxpologile kalearen berrurbanizazioa egitea, Juan Thalamas Labandibar kaleko 55 eraikina erostea eta kale bereko 45 eta 53 zenbakien artean Bidasoko Begiratokia eraikitzea proposatu dute.
Irungo EAJ taldeak ere 2022ko aurrekontuetarako zenbait proposamen egin berri ditu. Lehenik eta behin, gogoratu dute joan den astean aldundiak COVID funtsak banatzeko erabakia hartu zuela, eta Irunen kasuan 2.131.000 euro jasoko dituela aurki. Funts hauei beste 772.000 euro gehitu behar zaizkiola nabarmendu dute, bi milioi inguru horiekin batera, udalak hasieratik aurrekontu proiektutik kanpo utzi zituelako haien ustez. Beraz, ia hiru milioi euro “aprobetxatu gabe” geratuko lirateke jeltzaleen ustez, eta gaineratu dutenez, “ezin ditugu erabili gabe utzi”.
Horregatik aurrekontu ahalmen osoa aprobetxa dezala eskatu diote berriro, eta hala, hiru proposamen egin dituzte: Dunboako Poxpologile kalearen berrurbanizazioa; Juan Thalamas Labandibar kaleko 55. eraikina erostea; eta Juan Thalamas Labandibar 45 eta 53 zenbakien artean Bidasoko Begiratokia eraikitzea.
Poxpologile kalean irisgarritasun arazoak daudela diote jeltzaleek. Eremua egokitzeaz gainera, argi berriak jarri behar direla diote, eta beharrezkotzat jo dute saneamendu sarea berritzea. Honetarako 650.000 euro bideratzea proposatu dute orain, eta 2023an 1.350.000 euro.
Juan Thalamas Labandibar kaleko 55 zenbakiari dagokionez, eraikinean dauden zazpi jabeekin erosketa adostu ahal izateko, aurretik beharrezkotzat jo dute kontsignazio hori aurrekontuan sartzea. Honetarako 800.000 euro inbertitu nahi dituzte.
Azkenik, kale bereko 45 eta 53 zenbakien artean erabilera publikoa izango lukeen begiratokia eraikitzea proposatu dute. “Egun ez du erabilerarik, eta era honetan, bizi berri bat emango genioke. Jada idatzita dagoen proiektuak jasotzen duen bezala, Begiratokiak hiri-altzariak izango ditu, lurrean integratutako oholtza baten gainean. Ekintza honekin, eremu horretako irudia hobetuko da eta pasealekutik eta bidegorritik dabiltzanekin komunikazio puntu bat sortuko da”. Azken proposamen honetarako 100.000 euroko aurrekontua da proposatu dutena.