[Elkarrizketa] "Urtea hasi orduko beste istripu bat, lehendik izan den tokian"
Larunbatean, auto batekin izandako istripuagatik 43 urteko txirrindulari errenteriarra hil zen GI-636 errepidean, Zaldunborda inguruan. Toki horretan txirrindulariek izaten duten arriskua aipatu du Eizagirrek, eta azpiegiturak eskatu ditu.
Jon Rodriguez Irazusta txirrindulariaren heriotza beste kolpe bat izan da txirrindularitzaren munduan ibiltzen zaretenentzat.
Bai. Errepidean kotxe eta txirrindulariak dabiltzan bideetan badakigu nor den kaltetua. Babesa behar duena txirrindularia da, eta urtea hasi orduko beste istripu bat gehiago daukagu, lehendik gertatu den leku batean.
Hala da. Ez da lehen aldia txirrindulari batek istripua duela zonalde horretan. Zergatik da arriskutsua?
Abiadura azkarreko errepideak dira, eta trafiko handikoak. Kotxeek metro eta erdiko tartea utzi behar dute legez, baina ez da beti gertatzen. Gerta daitezke ezustekoak eta beste mila arrazoi ere, eta ezer gutxirekin nahikoa da txirrindulari bat ospitalera bidaltzeko.
Trafikoaz eta abiaduraz gain, bada beste arriskurik bide horretan?
Bai. Bihurguneak ere badira, baina batik bat abiadura handia dagoen tokian beti bizikletan doana irtengo da galtzen. Horrez gain, azpiegiturak ere eskatzen jarraitzen dugu, eta bidegorria Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planean jasota dago. Plan hori 2013an onartu zen, baina urteak joan eta urteak etorri, eta bidegorririk ez dago. Hain zuzen, Gipuzkoako elkarteek Bizikleta Bideen plana osatzen joatea eskatzen dugu. Badakigu ahal den heinean egiten direla gauzak eta lehentasunak daudela, baina horrelakoren bat gertatzen den bakoitzean gogora etortzen zaigu beharrezko azpiegitura dela.
Eskualdean bada beste puntu ilunik?
Bai, ez ditugu zerrendatuta, baina badira batzuk: Amuteko biribilgunea, Irungo ingurabidea [Gi-636] Behobia aldera doan zatian… azkenean bizikleta eta autoak elkarrekin ibiltzen diren tokiak dira, eta batik bat kotxeak azkar joaten direnak. Denok dakigu arriskua non dagoen.
Zertan huts egiten da behin eta berriro horrelako istripuak gertatzeko?
Hainbat faktore egon daitezke, eta bizikleta erabiltzaile bezala nahiz auto gidari modura hitz egiten dut. Ardurarekin gidatu behar dugun arren, noizean behin gertatzen dira horrelakoak. Horren aurrean, ahal den neurrian, azpiegitura batek asko laguntzen du. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen bidegorria, Amutetik Jaitzubia alderakoa. Azpiegitura hori egin denetik jende askok erabiltzen du, eta justu iristen zarenean Jaitzubiako biribilgunera, bukatu egiten da. Golfeko errepidea, Gaintxurizketa aldera doana oso arriskutsua da txirrindularientzako, ez dago apenas tokirik. Gainera, oraindik larriagoa, bidegorria bukatzen den tokian, Donostia aldera, kartelak jarrita daude bidegorria badagoela adierazten dutenak, eta aspalditik gainera. Behin eta berriro eskatu diogu aldundiari kentzeko, ez delako egia, ez dago bidegorririk.
Erakundeek zer egin beharko lukete, aipatu dituzun azpiegiturez gain?
Sentsibilizazio kanpainak eta abiadura moteltzeko ekintzak ere baliagarriak dira, eta horren adibidea da Juan Thalamas Labandibar kalean (GI-636) Behobia eta Artia auzoa elkartzen dituen bidean abiadura moteltzeko erabakia hartu izana. Gauzak egin dira, baina egiteke asko dago. Gipuzkoako elkarteak aspalditik eskatzen ari gara Bidasoaldea eta Donostialdea elkartuko dituen bidegorri bat.
Bizikleta martxa egingo dute bihar goizean protesta gisa
Jon Rodriguez Irazusta larunbatean auto batek harrapatuta hil zen txirrindulariaren heriotza salatzeko, bizikleta martxa bat egingo dute bihar goizean. Bi zutabe abiatuko dira: bata, Errenteria-Oreretatik eta bestea Irundik. Hitzordua bi kasuetan 12:00etan izango da, eta Lezoko Gaintxurizketan elkartuko dira bi martxak. Errenteria-Oreretakoak Zumarditik abiatuko dira, eta, Irungoak, berriz, Zubimuxutik.