"Hirian aurrera egiteko ezinbestekoak" diren proiektuetan "jarrera komuna" lortu nahi du udal gobernuak
Dokumentu bat bidali berri die gainerako alderdiei, hirirako estrategikoak diren proiektuetan denek bat egin dezaten. Proiektua "eztabaida politikotik kanpo" utzi nahi du udal gobernuak, eta "jarrera komuna hartu, udalaren batasuna balio erantsia izan dadin funtsezkoak diren esparru batzuetan aurrera egiteko neurriak hartzeko".
Irungo alkate Jose Antonio Santanok, udal gobernuaren izenean, Irungo etorkizuna lantzeko erakunde arteko lan ildoak izeneko dokumental bat aurkeztu zien atzo gainerako taldeei. Honen helburua da udal talde guztiek hirirako estrategikoak diren proiektuen inguruan bat egitea. Proiektua “eztabaida politikotik kanpo” utzi nahi du udal gobernuak, eta “jarrera komuna hartu, udalaren batasuna balio erantsia izan dadin funtsezkoak diren esparru batzuetan aurrera egiteko neurriak hartzeko”.
Udal talde guztiek jaso dute dokumentua jada, balorazioa egin dezaten eta gerora egokia iruditzen bazaie hobekuntza proposamenak aurkeztu ditzaten. Dokumentuan jasotako proiektuak, udal gobernuaren arabera, “hirian aurrera egiteko ezinbestekoak dira”.
Lehen proiektua Via Irun da, “asmo handiko eta ibilbide luzeko proiektua” gobernuko bi alderdien ustez. Beharrezkotzat jo dute administrazio guztiek norabide berean lan egitea. “Hiri espazio berritzaile, inklusibo eta adimenduna” sustatu nahi dute. Egun, Adifek prest du nazioarteko geltoki berriaren proiektua, eta dagoeneko Espainiako Gobernuaren aurrekontuetan sartuta dute trenbidea estaltzeko proiektua.
Bigarren proiektua Txingudiko Plan Berezia dela azaldu du udalak. Plan hori betetzeko konpromisoa hartu dute. “Udalak, aldundiak eta jaurlaritzak aurrekontu zuzkidura eman behar dute, 1993an sinatutako akordioan adierazitako terminoetan, Plaiaundiko kirol-instalazioak lekualdatzeko eta Txenperenean beste berri batzuk eraikitzeko”, esan dute udal gobernuko iturriek. Euskal Jaurlaritzaren konpromiso finantzarioa behar dela gaineratu dute, Bidasoko uharteak eta Alunda eta Lastaolako terrazak berriro publikoaren esku uzteko. Ondoren, Irun Hondarribia eta Hendaiarekin lotuko dituen oinezko zein txirrindularientzako bide bat egiteko proiektuari eta exekuzioari ekin nahi diote. “Eusko Jaurlaritzaren ardura da hori”, erantsi dute.
Dokumentuan jasotako hirugarren proiektua Hego Ingurabidearen gainekoa da. Lehen fasearen obrak amaituta, bigarren fasearen proiektua idazten ari direla azaldu du udalak, udalak finantzatuta. Beharrezkotzat jo dute jarduketa horri lehenengoaren finantzaketa baldintza berberekin ekitea. Bestalde, GI-636 errepidearen zati batzuetan hobekuntzak egiteko proposamena ere egingo dute.
Laugarrenik, adinekoentzako bizilekuez aritu dira, zehazki mendekotasuna duten eta autonomoak direnei begirakoak. “Zorroan hainbeste denbora daraman” proiektua dela gogoratu dute, baina zoritxarrez “Irunen hain beharrezkoa den proiektu hau geldituta” dagoela. Proiektu honek “eredu pertsonalizatuago bat ezarri behar” duela esan dute, finantzaketa publikoarekin.
Azken Portuko eremuari dagokionez, jaurlaritzari eskatu diote egungo jabeei lursailak erosi eta espazio berde bat garatzea bertan. “Hiri antolamendurako proposamen onena bilatu behar dugu Bidasoaren ertzean, bertan dauden interes guztiak uztartuta”.
Hirugarren anbulatorio bat eraikitzeko eskaera ere jaso dute aipatutako dokumentu honetan, “kontuan izanik biztanleriak gora egin duela eta lehen mailako arretako eta espezialitateetako behar berriak sortu direla gure hirian, eta horiei hobeto erantzun behar zaiela”.
Gizarteratzearen alorreko baliabide gehiago ere eskatu dituzte, oraingo honetan aldundiari. “Zorroa ezartzen zuen dekretua onetsi eta gero, ikusi dugu gizarteratzearen alorreko arazoei erantzuteko baliabideak ez direla guztiz abian jarri. Aldundiak defizita du gizarte-bazterketa eta marjinazio egoeran dauden pertsonentzako plaza kopuruan. Gainera, udal gehienek ez dituzte abian jarri zegozkien baliabideak, horretarako betebeharra zuten arren”. Horregatik premiazkotzat jo dute administrazio bakoitzak zorroa onesten duen dekretuak ezartzen dizkion betebeharrak betetzea. Hori jakinarazi diote aldundiaren Gizarte Zerbitzuen sailari.
Azkenik, ondare historikoaren hobekuntzak jaso dituzte. Atal honetan, kezka azaldu du udalak Urdanibia jauregia eta datxezkion errota eta burdinola narriatzen ari direlako. Jaurlaritzari eskatu diote elementu horiek mantentzeko beharreko proiektua egin dezala, jakinik Euskadiko Monumentu Historiko Artistikoaren izendapena dutela.