Hilaren 28a izango da Inauterietako kartel lehiaketan parte hartzeko azken eguna
Aurten herritarrek euren lanak bidaltzeko epea luzatzea erabaki dute. Irabazleak 600 euroko saria jasoko du.
Aurtengo Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa abiatu du urte honetan ere Irungo Udalak, eta herritarrek euren lanak bidaltzeko epea luzatzea erabaki dute. Hala, jakinarazi berri duenez, hilaren 28a (ostirala da) izango da kartelak bidaltzeko azken eguna.
Aurtengo irabazleak 600 euroko saria jasoko du, eta 200 euroko accesit bat ere banatuko dutela iragarri dute. Lanek 70 x 60 zentimetroko formatua izan beharko dute, eta kartelaren neurri bereko panel baten gainean eginak izan beharko dute, baloratu ostean, agian, erakusgai jarri ahal izateko. Lanak Amaia KZn entregatu behar dira.
Lehiaketa antolatu arren, udalak gogoratu du pandemiaren ondorioz ezarritako neurrien araberako programazioa eskainiko dutela Inauterietan.