Ababor azoka jasoko du Ficobak apirilean
Aurtengo ikastaroari hasiera emateko, EAEko lehen azoka nautikoa egingo dute erakustazokan, apirilaren 1etik 3ra bitarte.
Ikastaroari hasiera emateko publiko handiko azoka berri bat estreinatuko du Ficobak. Portu estali bilakatuko da erakustazoka, Ababor azoka jasoko baitu, EAEko lehen azoka nautikoa. Apirilaren 1etik 3ra bitarte luzatuko dute.
“Aisialdi mota horrekiko interesa eta zaletasuna etengabe hazten ari da. Euskadin ere joera horretatik ez gaude kanpo. Enpresa Nautikoen Elkarte Nazionalaren (ANEN) datuen arabera, aisialdirako ontzien matrikulazioak %13 igo dira 2021ean”, esan dute antolatzaileek. Horregatik erabaki dute Ababor azoka ekartzea hirira. Hala, aisialdiko nautikarekin eta uretako jarduerekin zerikusia duten sektore guztiak erakarri nahi dituzte, “publiko horren eskura jartzeko nabigatzeko soluzioak, itsasontzi bat erosi beharrik gabe, jarduera nautikoez, itsas eta ibai ontziak alokatzeko enpresez, kamarotek alokatzeko eskaintzez edota itsas aisiaren sektorean dauden zerbitzu ugariez gozatzeko aukera” eskaini nahi dute.
Carlos Sanlorenzo ANENeko idazkari nagusiak esan bezala, “benetan motibagarria da urtea Euskadiko lehen azoka nautikoa, Ababor, Ficobaren eskutik ospatuko dela iragarriz hastea. Aisialdirako nautikaren patronala garen aldetik, pozten gara sektorearen hazkundearen eta sustapenaren inguruko ekimenak gero eta ugariagoak direlako eta industria sektore handi gisa behar dugun lurralde kohesioari erantzuten diolako, enplegua eta aberastasuna sortzeko gaitasunarekin. ANENetik hainbat urte daramatzagu turismo nautikoaren jarduera bultzatzen, bereziki Kantauri isurialdean, eta azoka hau, zalantzarik gabe, jarduera horren bultzada erakusteko gune estrategikoetako bat izango da”.