Martxan da CBAren bigarren fasea
Kulturgunea osatzeko eta ekipamendu berriz hornitzeko proiektua onartu berri du udalak. San Juan plazako lurpeko lehenengo solairuaren azalera handituko dute, eta bertan gune berriak sortuko dituzte, "programazioa nabarmen sendotzeko aukera emango dutenak".

Irungo Udalak CBA kulturgunea osatzeko eta ekipamendu berriz hornitzeko proiektua onartu berri du (abenduko azken astean onartu eta lizitatu zuten proiektua), atzo azaldu zituzten bigarren faseko proiektuaren ildo nagusiak Jose Antonio Santano alkateak eta Cristina Laborda ordezkariak. “Urte honetako inbertsio nagusietako bat da, eta kulturari eskainiko diogu”, esan zuen atzoko bisitan alkateak. “Duela zazpi urte zabaldu zen CBA, eta iraultza izan zen, oso aldaketa onuragarria hiriko kultur eskaintzaren barruan, liburutegi handi, moderno eta irisgarriagoa ekarri baitzigun. Hala ere, oraindik zerbait falta zitzaigun jatorrizko proiektua osatzeko, eta orain beteko dugu hutsunea, erabilgarri dugun lekua ia bikoiztu egingo duen eta ekipamendu berriak ekarriko dizkigun proposamen bati esker”, erantsi zuen.
Proiektu honi esker, CBAren San Juan plazako lurpeko lehenengo solairuaren azalera handituko dute (2.4000 metro koadro handituko dute), eta bertan erabilera berriak kokatuko dituzte, udalaren arabera, “programazioa nabarmen sendotzeko aukera emango dutenak”. Gune berriak sortuko dituztela aurreratu zuten atzokoan, besteak beste, kontzertuak eta bestelako emanaldiak eskaintzeko areto bat.
Areto honekin batera, kamerinoak, komun publikoak, biltegiak eta materialak gordetzeko gune bat ere egokituko dute, eta Prudencia Arbide kalean jarriko dute sarrera. Hala, hiru modutan antolatu ahalko dute aretoa: agertoki klasiko bat instalatu ahalko da hitzaldiak eta bestelakoak proiekzioetarako, 91 eserlekuko harmaila barneragarri batekin (bi, hiru eta lau besaulkiko banku mugikorrak instalatu ahal izatea ere aurreikusi dute); aretoaren erdian oholtza bat egokitu ahal izango da, eserlekuz inguratuta; eta amaitzeko, emanaldiak zutik ikusteko ere egokitu ahalko da aretoa.
Alkatearen arabera, hirian ez dago horrelako gune publikorik, eta honi esker “programazioa nabarmen sendotuko da”.
Arte eszenikoetara bideratutako areto handi horrez gain, liburutegiko ikasketa gela handitzea edo erakusketarako gune berri bat sortzea ere aurreikusi dute. Langelak sortzea ere aurreikusi du udalak, bilerak eta bestelako jarduerak egiteko, baita ere Gazteartean gazteria zerbitzuaren jardunerako gune bat ere.
Eraikina handitzeko lanekin batera, Jesus kaletik sarrera berria jarriko dute (Alde Zaharretik sartu ahal izateko), eta patio obalatuan ere beste sarrera bat egingo dute. Lanetarako 3.880.570,25 euroko aurrekontua du udalak, eta hamabi hilabetean amaitzea aurreikusi dute.