Datozen egunetan utziko du Frantziak Iratxe Sorzabal irundarra Espainiaren esku
Hilaren 15etik 21era bitarteko epe horretan estraditatuko dutela jakinarazi du Iratxeren Lagunak taldeak. Hori salatzeko elkarretaratzera deitu dituzte irundarrak ostiralean.
Iratxeren Lagunak taldeak HITZAri jakinarazi berri dionez, datozen egunetan estraditatuko dute Espainiara Iratxe Sorzabal euskal preso irundarra. Hilaren 15etik 21era arteko epea horretan utziko du Espainiaren esku Frantziak, eta Madrilgo espetxe batera eramango dutela uste dute euskal presoaren gertukoek, hala jakinarazi die Xantiana Cachenaut abokatuak.
Hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute etzi (ostirala, hilak 14) San Juan plazan, 19:00etan. “Iratxeren egoera salatuko dugu ostiralean. Hau onartu duten lehen estradizioa da, baina baditu beste bi eskaera. Akusazio guztiak torturapean egindako adierazpenetan oinarritu dira, lotsagarria da”, esan dio HITZAri haserre taldeko kide Iñigo Larrazabalek.
Behin estraditatuta, kondena luze bati aurre egin behar izango dio ziur aski irundarrak. 30 urteko kondena betetzeko “arrisku erreala” duela kontatu zion HITZAri iaz Cachenaut abokatuak. Egoera hori ematen bada, Frankfurteko giza eskubideen gortera eramango dute afera.
Ostiralekoa lehen elkarretaratzea izango da, baina datozen aste eta hilabeteei begira kanpaina bat abiatuko dute Iratxeren Lagunek. Ekintza ugari egingo dituzte. Hilaren 21ean Bi arnas dokumental proiektuaren aurkezpena egingo dute, eta otsailaren 5ean, manifestazioa.
Madrilgo epaiketa aldiz, otsailaren 7 eta 8an egingo dutela aurreratu du abokatuak.