Osasun Bidasoa: «Bloke kirurgikoa berritzeko esleipen oro geldiarazteko eskatzen dugu»
Azken egunetan Bidasoa Ospitaleko kirurgia blokea birmoldatzeko obra kontratua sinatu dutela salatu du plataformak, "herritarren, profesionalen eta eragindako udalen ahotsa entzun gabe". EAJ izan ezik, eskualdeko gainerako talde guztiek babestu dute gaurko agerraldia.
Osasun Bidasoa herri plataformak agerraldia eskaini du gaur goizean Palmera Montero Gunean. Taldeko kideekin batera Irun eta Hondarribiko zenbait ordezkari politiko izan dira, gaur egindako irakurketa eta eskaerak babesten. Haien artean, Abotsanitz, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, PSE-EE eta PP taldeetako zenbait politikari egon dira, EAJ izan da bertaratu ez den bakarra. Berako alkateak ere, bertaratu ezin izan duen arren, gaurko agerraldiarekin bat egin du.
Lehenik eta behin, “modu apalean, eskualdeko ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko esleipen oro geldiarazteko” eskatu dute, “kaltetutako udalerriekin, langileekin, sindikatuekin eta plataformarekin berarekin mahai batean eztabaidatu arte”.
Joan den abenduaren 11n egindako manifestazioa gogoratu dute agerraldiaren hasiera, balorazio oso positiboa egin dute. “Bidasoa bailarako herritarren erantzuna handia izan zen, milaka herritarrek babestu baitzit uzten gure aldarrikapenak Irungo kaleetan”. Baina tamalez, handik egun gutxira “Euskadiko Kontratazion Profilean egiaztatu ahal izan dugunez”, Osakidetzako zuzendari nagusiak Bidasoa Ospitaleko Bloke Kirurgikoa Eraberritzeko Obren 2021/01771 espedientearen esleipen ebazpena sinatu zuela esan dute. Abenduaren 15ean eman zen esleipen ebazpena (ia 5 milioi eurokoa), enpresa baten alde, eta kontratua bost eguneko epean gauzatu behar dela esaten zuela salatu du plataformak. Bitartean, abenduaren 23an Osakidetzako Mahai Sektorialaren bilera egin zela gogoratu dute, eta hainbat galdera planteatu arren,”zer erantzun jakin ez, inprobisazio hutsez” aritu zirela esan dute amorruz.
Bestalde, Zumarragako ospitalea birmoldatzeko plangintzaz aritu dira, eta Bidasokoan gauza bera egin daitekeela gaineratu dute. Zumarragakoan, batetik, lizitazioa gelditu zen, eta bestetik, solairu berri bat sortzeko prozesua irauli zuten, “hau da, gure plataformak aldarrikatzen duenaren ildo beretik jokatu dute Zumarragan”, esan dute gaurko agerraldian. “Ez dugu ulertzen Zumarragako Ospitalean egin daitekeena zergatik ezin den Bidasoako Eskualdeko Ospitalean egin. Politika kontua al da? Bidasoako 100.000 herritarrak izango al gara desegindako ospitale onkologiko baten betelana? Hori al da helburua? Ez dezagun ahaztu erietxe horren langileen batzordea ere, materialen eta profesionalen joan etorri horren aurka agertu dela”.
Hala eta guztiz ere azken egunetan Bidasoa Ospitaleko kirurgia blokea birmoldatzeko obra kontratua sinatu dutela salatu dute gaurkoan, “herritarren, profesionalen eta eragindako udalen ahotsa entzun gabe”. Horregatik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari “zentzuz joka dezala” eskatu diote, “herritarren aldarrikapenak entzun ditzala, eta Bidasoko Eskualdeko Ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko egungo proiektua geldiarazi dezala”. Hasieratik Ospitaleko eta Onkologikoko profesionalek eta sindikatuek proiektuaren balorazio negatiboa egin dutela nabarmendu dute, “bideraezina dela uste dutelako”.
Amaitzeko, exijitu diote mahai bat ireki dezala Osakidetzarekin, kaltetutako udalen, ospitaleko profesionalen eta plataformaren artean, “hurrengo hamarkadei begira ospitaleari behar tekniko eta sanitarioak emateko proposamenak aztertzeko aukera egon dadin”. “Ez dugu etsiko proiektu honi eta bere bideraezintasunari buruzko egia jakinarazteko ahaleginean. Jarraituko dugu euren prozesu ilun, inprobisatu eta inposatuari buruz, ezinbestean ekarriko lituzkeen arazo, sanitario, profesional eta sozialei buruz, eta Bidasoako Eskualdeko Ospitaleak behar dituen benetako handitze premiei buruz berri ematen. Ospitalea handitu, berritu, hobetu”, esanez amaitu dute gaurkoa.