Gabonen balantze "positiboa" egin du udal gobernuak
Asebete agertu da Maria Serrano zinegotzia kultura eta merkataritza sustatzeko antolatutako jarduerekin, eta osasun neurriak bete izanagatik zoriondu ditu hondarribiarrak.
Hondarribiko Udaleko Maria Serrano merkataritza zinegotziak Gabonetako balantze “positiboa” egin du komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. Kultura eta tokiko merkataritza sustatzeko antolatutako jarduerekin asebete agertu da, nahiz eta kulturaren kasuan, koronabirusak hainbat ekitaldi bertan behera uztera behartu duen. Hala ere, ekitaldi horiek urtarrileko agendan berreskuratuko dituztela baieztatu du hautetsiak.
Olentzero eta Errege Magoei dagokienez, neurriak guztiak betez aurrera eraman direla nabarmendu du, haurrei “ilusioa” oparituz. Gabonaldia eta Gaztetek tailerrak, positiboki ere baloratu ditu zinegotziak, eta azkenik, osasun neurriak bete izanagatik zoriondu ditu hondarribiarrak: “Eskerrak eman dizkiet herritarrei erakutsi duten jarreragatik. Egia da guztiak nekatuak gaudela COVID-19aren pandemiarekin eta horrek dauzkan ondorioekin, baina herritarrek zintzo bete dituzte arauak eta zoriontzeko modukoa da”.