[Elkarrizketa] «Zientziatik ere mundua modu poetikoan ikus daiteke»
Poesia idaztea maite duen fisikaria da Arruabarrena. Hainbat sari irabazi ditu dagoeneko, baita bi liburu argitaratu ere. ‘Kardaberak zementuan’ du izena haren azken lanak.
‘Kardaberak zementuan’ izenpeko poesia liburua argitaratu duzu aurten. Zertan datza? Zein da haria?
Ez dakit gai orokor bat duen. Azkeneko bi urteetan idatzi ditudan poemak dira, eta hiru bloketan dago sailkatua: lehen atalean Hondarribiari buruzko poemak daude, eta lekuen bitartez denboraren joateaz hitz egiten dut; bigarrenean poesia sozialagoa dago, eta hirugarrena pandemiari buruzkoa da. Gai orokor bat ezartzea zaila da; azkenaldian okurritu zaizkidan kontuak dira.
Nondik dator liburua? Nola sortu da?
Idatzita neuzkan gauzak pilatzen joan eta pixkanaka-pixkanaka forma hartu du bakarrik. Bukaeran ere poema berri batzuk daude. Idazten joan ahala material bat zegoela ikusi nuen. Esan beharra daukat Donostia Kultura Poesia Lehiaketara aurkeztu nintzela, eta irabazi ez nuen arren, sari banaketaren egunean posta elektroniko bat bidali zidaten esanez nire lana lehenen artean geratu zela, interesgarria iruditu zitzaiela eta pixka bat landuz gero publikagarria zela.
Balea Zuriak argitaratu du liburua azkenean. Espero zenuen?
Egia esan, ez. Nahiko kontent nengoen lanarekin, baina saritua ez nintzela izan jakitean lan hobeak zeudela pentsatu nuen. Pozgarria izan zen jakitea interesatu zitzaiela. Hori martxo aldera izan zen, eta uda arte ibili gara liburuarekin bueltak ematen, baina nahiko kontent nago emaitzarekin. Liburu txukuna da nire ustez.
Nola hasi zinen idazten?
Bordari eta Satarka makina bat sari jaso ditut. Gauza oso polit bat dauka lehiaketa horrek eta da enfokatuta dagoela adin txikikoei. Institutuaren bitartez dezente mugitzen da.
Horrela hasi zinen zu?
Egia da gazteagoa nintzenean ipuinen bat edo beste ere idatzita nituela, zaletasuna banuen, baina serio idatzi nuen lehenengoa institutu garaian izan zen, Bordari Satarka lehiaketara aurkezteko, eta zortea izan nuen. Lehenbizikoan eta bigarrenean ipuinak aurkeztu nituen, eta ondoren heldu nion poesiari. Salto hori ematera ausartu nintzen. Poesiaren formatua asko gustatzen zait, egia esan. Ahozkotasunetik gertu dago, eta laburtasun horrek bere alde jokatzen du.
Hortik abiatuta gerora bi sari jaso dituzu, bata Lasarte-Orian, eta bestea, Iruñean.
Lasartekoa 2017. urtean izan zen, unibertsitatean nengoela. Egia da garai hartan jarraitu nuela irakurtzen eta idazten, baina ez oso modu jarraituan. Hala ere, poema dezente neuzkala konturatu nintzen, eta Lasarte-Oriako XXXI. Literatura Lehiaketara aurkeztu eta zortea eduki nuen.
Iruñea Hiria XIII. Nazioarteko Poesia Saria 2019an izan zen, karrera bukatu eta gero. 2017 eta 2019 artean ez nuela asko idatzi uste dut, eta Iruñekoa iritsi zen eta ez nuen uste irabazteko aukerarik edukiko nuenik. Gainera sari potoloa zen. Hala ere, banituen poematxo batzuk nahiko txukunak nire ustez. Bizpahiru hilabetez topera ibili nintzen, eta aurkeztu nuen lanak irabazi zuen. Sariak publikatzea ere zekarren. Hortik atera zen nire lehen liburua.
Egia esaten badut, pixka bat ezustean harrapatu ninduen, ez nuen espero. Liburu bezala, estruktura aldetik, agian zertxobait hankamotz geratu zen, baina baditu puntu batzuk nahiko indartsuak.
Orain beste zerbaitetan lanean ari al zara?
Ez, oraintxe bertan lasai-lasai nago. Ideiaren bat bururatzen baldin bazait apuntatzen dut, baina ez naiz idaztera jartzen. Oraintxe bertan bakea behar dut, urte luzea izan da liburuarekin.
Fisika ikasi duzu, doktoretza egiten ari zara orain. Letren eta zientzien arteko antagonismoari aurre egin diozula esan daiteke?
Eta ez naiz bakarra! Benetan, ez dago hainbesteko aldea, diziplina ezberdinak dira baina ez dira bateraezinak. Eta askotan, zientziatik ere mundua modu poetikoan ikus daiteke. Azken finean, mundua ulertzeko erremintak dira biak. Liburuan joko pila bat egiten ditut zientziarekin. Adibidez, bigarren kapituluak izena du Mekanika eta Uhinak. Karrerako irakasgai bat zen. Erreferentzia pila egiten dizkiot zientziari. Horrela atera zaizkit, egia esan. 5