4.027 pertsona daude lanik gabe Irunen eta Hondarribian
2020tik 2021era 347 pertsonatan jaitsi da langabeen kopurua bi udalerrietan, ondorioz, tasek ere beheranzko bidea jarraitu dute.
Bidasoa Bizirik-ek, Lanbideren datuetan oinarrituta jaso dituen datuen arabera, 2021aren azken egunean 4.027 langabe zeuden Irun eta Hondarribia artean, langabezia tasa %10,9koa zelarik. Zehazki, Irungo langabeak 3.433 ziren (%11,8ko tasa), eta 594 Hondarribikoak (%7,4ko tasa).
2020aren azken egunean, Lanbiden izena emanda zeuden irundarrak 3.744 ziren (%12,9ko tasa), eta 630 hondarribirarrak (%7,8ko tasa). Beraz, urtetik urterako alderaketa eginez, 347 pertsonatan jaitsi da langabeen kopurua bi herrien artean.
Gipuzkoan, orotara, 30.553 pertsona zeuden lan bila joan den urteko azken eguneko datuen arabera, %8,72 tasarekin. 2020ko abenduaren 31n 34.433koa zen kopuru hori (%9,82ko tasa).
Edonola ere, Irun eta Hondarribia artean ateratzen den tasa Gipuzkoako altuena da egun. Ondoren Deba Barrena (%10,28) eta Oarsoaldea (%9,68) ditu. Kontra, Gipuzkoan tasarik baxuena duen eskualdea Goierri da, %7,31arekin.