Osasun Bidasoa plataformak Legebiltzarrean "premiazko agerraldia" egin dezala eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk
Proiektuaren tramitazioa zein egoeratan dagoen eta Osakidetzak eman beharreko urratsak zeintzuk diren argitzea eskatu dute. Hainbat galdera erregistratu dituzte.
Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeak eskaera bat erregistratu berri du Eusko Legebiltzarrean, Osasun Bidasoa herri plataformak Legebiltzarrean “premiazko agerraldia egin dezan”. Bidasoko Ospitaleko kirurgia blokea birmoldatzeko proiektuaren gaineko zalantzak eta kexak azaltzeko baliatu nahi dute agerraldi hori.
Agerraldia eskatzeaz gainera, hainbat galdera egin dizkiote EAJ eta PSE-EEK osatutako gobernuari, honakoak: proiektu horren tramitazioa gaur egun dagoen puntuari buruz, eman beharreko hurrengo urratsei buruz eta horretarako erabiltzen diren epeei buruz, eta bloke kirurgikoaren obrekin hasteko asmoaren gainean.
Horri lotuta, proiektua geldiarazteko eta gogoeta aldi bat irekitzeko eskera ere egin diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, “ia 100.000 erabiltzaileei eman diezaiekeen zerbitzuan hain modu negatiboan eragingo ez duen irtenbide alternatibo bat aurkitzeko”.
Taldeak gogora ekarri du azken egunetan EAEk 664 milioi euro jaso dituela COVID-19aren pandemiari aurre egiteko funtsetik. Hala, funts horien zati bat birmoldaketa horretarako alternatiba sendo bat proposatzeko bideratzea proposatu du David Nuño bozeramaileak. “Garrantzitsua dela ospitaleko erabiltzaileei eta bertan lan egiten duten profesionalei ahalik eta berme gehien eskaintzea, asistentzia kalitatea murriztu ez dadin, egungo planteamenduarekin herritarrei ondorio larriak ekarriko lizkiekeen obrak eginez”, esan du Nuñok.
Azken hilabeteetan galdera gehiago planteatu dituztela diote taldekoek, baina oraindik ere ez dutela erantzunik jaso. “Osakidetzak proiektu hau justifikatzen du aukera guztiak kontsultatu ondoren aukera bideragarriena aukeratu dela adieraziz, baina bere erantzunetan ez ditu jasotzen Onkologikora joateko zailtasunak dituzten pazienteentzako irtenbideak, ez gaixotasun arinengatik, ez larritasun handienekoengatik, ez pazienteei eta profesionalei kalte egiten dieten beste egoera batzuengatik”, erantsi dute taldetik.