"Egungo egoerara egokitutako" desfilea egingo dute Errege Magoek
Desfilearen ibilbidea luzatzea erabaki dute aurten, "publikoan jendea pilatu ez dadin". Horrez gain, bertan behera utzi dituzte ohiko zenbait ekitaldi.
Errege Magoek Irun bisitatuko dute asteazkenean (hilak 5), baina “egungo egoerara egokitutako desfilea” izango dela aurreratu du udalak. Zenbait aldaketa egingo dituzte, “COVID-19aren pandemiaren bilakaera ikusita, publikoan jendea pilatu ez dadin”.
Desfileari dagokionez, bertan behera utzi dute ADIFeko geltokiko harrera ekitaldia, baita ere Errege Magoek udaletxeko balkoitik egin behar zuten hitzaldia ere. Horrez gain, ibilbidea luzatzea erabaki dute aurten. 18:30ean abiatuko dira Letxunborro hiribidetik, eta ondorengo kaleak zeharkatuko dituzte: Hondarribia kalea, Kolon pasealekua, Eliza kalea, San Juan plaza, San Martzial kalea, Urdanibia plaza eta Egukitzaldea eta Prudencia Arbide kaleen arteko bidegurutzean amaituko da desfilea. Gainera, ez da gozokirik banatuko ibilbide osoan zehar.
Desfileaz gainera gutunen bilketan ere aldaketak izango dira: udaletxeko pleno aretoan bildu beharrean, pajeek udaletxeko arkupetan jasoko dituzte, bihar (hilak 4).
Ondorengoa da Errege Magoen desfilerako udalak osatu duen programa:
- Asteartea (hilak 4): Errege Magoen pajeek haurren gutunak jasoko dituzte udaletxeko arkupetan.
- Asteazkena (hilak 5): Errege Magoen desfilea. Honakoek parte hartuko dute: Irun Hiria Banda Musika, Meltxor Erregearen gurdia, Santiagoko Deabruak, Gaspar Erregearen gurdia, Zozongo batukada, Baltasar Erregearen gurdia, Academy 22 Dantza Akademia, haurren gurdia eta San Vicente de Pauleko majoretteak eta Los Perolas y Los Tranquilos fanfarrea.