Arrakalaren aurka mobilizatzeko prest daude garbitzaileak
Udal eraikinetako garbitzaileen eta kalekoen arteko oinarrizko soldatan arrakala existitzen dela salatu du ELA sindikatuak. Hondarribiko Udalak azpikontratatutako ISS enpresa arduratzen da zerbitzuaz.
Garbitzaileen artean soldata arrakala existitzen dela salatu du aste honetan ELA sindikatuak. Udal eraikinetako garbitzaileen eta kale garbiketaz arduratzen direnen arteko oinarrizko soldatan ematen da arrakala hori. Zabaldutako datuen arabera, eraikinetako garbiketa gehiengo zabal batean emakumeek egiten dute, eta kalekoa, berriz, gizonek. Hondarribiko Udalak azpikontratatutako zerbitzu batean sortutako arrakala denean, are larriagoa bihurtzen da arazoa. Baina ez hori bakarrik.
Udalak azpikontratatutako ISS enpresarekin sortutako arazoek harago jotzen dutela adierazi du Ainhoa Arretxe Oarso Bidasoko ELA sindikatuko garbiketa zerbitzuetarako arduradunak. Azaldu duenez, soldata arrakala jarri dute «jomugan», eta lan zentro ezberdinetan azterketa abiatuta, Hondarribiko Udalean oinarrizko soldatan diferentzia existitzen zela atzeman zuten, bai eta beste zenbait arazo ere: «Pandemiarekin garbitzaileen lan baldintzak zeharo okertu dira, esaterako: garbiketa eta babeserako materiala ez zitzaien iristen, horretarako eskaera eginda entzungorrarena egiten zuten, lan karga bikoiztu zen…».
Are gehiago. Arretxek argudiatu duenez, horren atzean bestelako arazoak zeudela konturatu ziren, baina horiek «estrukturalak» zirela. «Adibidez, mediku bajak eta oporrak ez dituzte guztiz kubritzen», ohartarazi du delegatuak.
Hori horrela, garbitzaileen «haserrea» pilatzen joan da, eta egoera horren aurrean, lan hitzarmenaren errebisio bat egitea erabaki zuten. Horra hor haserrea eragin zuen hurrengo puntua: «Hitzarmena 2011tik berritu gabe dagoela ikusi genuen, eta inguruko herriekin alderatuta, Irun eta Oiartzunekin adibidez, ez da horrela izan».
«Entzungor»
Garbitzaileak euren lan eskubideen alde ateak jotzen hasi ziren orduan, ISS enpresarena lehenik, eta udalarena ondoren, baina jasotako erantzuna «entzungorrarena» izan zela salatu du sindikalistak. Areago, ez zela haiekin bilduko erantzun zien enpresak, ez baitzuen «hitzarmena berritzeko obligaziorik». Soilik udalak horretara behartuz gero eguneratuko dutela erantsi zuten, Arretxeren arabera, ISSeko enpresako arduradunek.
Egoera ikusirik, udalarekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Batera eta bestera eraman zituztela salatu du delegatuak, baina azkenean Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziarekin biltzea lortu zuten: «Oso jarrera ona izan zuen, oso gertakari larria dela esan zigun, bideratuko zuela. Eta gaur arte». Orain dela hilabete batzuk egin zuten bilkura.
Jakinarazi duenez, Juan Mari Altuna Zerbitzu Orokorretarako zinegotziari dagokio azkenean ardura. Haren erantzunik jasotzen ez zutenez, Lan Harremanen Kontseilura (LHK) jotzea erabaki zuten, eta organismoak blokeo egoera ikusita udalari ere dei egin zion. «Ez da ohikoa udalei dei egitea, negoziazioak, berez, enpresa eta langileen artean ematen baitira», erantsi du. Altunak, hala ere, ezin zuela bilerara joan erantzun zuen, bestelako proposamenik edo data berririk eman gabe.
Urtarrilaren 10erako lortu dute azkenean enpresarekin bilkura egiteko hitzordua finkatzea. Mesfidati agertu da Arretxe, eta mobilizatzeko prest daudela iragarri du.