[Elkarrizketa] “Boligrafo batekin aski zen nahi nuen hori egiteko”
«Ilusioz eta gogo handiz» jaso du irundarrak 2022. urteko HITZAren egutegia apaintzeko jasotako proposamena. Sorkuntza prozesuaz gainera, orain arteko ibilbideaz eta etorkizuneko erronkez aritu da.
Noiz hasi zenuen ilustratzaile gisa ibilbidea?
Ez dakit klixea den esango dudana, baina egia da txikitatik hasi nintzela marrazten. Ez naiz oso konstantea izan, oso noizean behin egiten nituen, baina beti izan ditut gainean papera eta boligrafoa. Eta ibili munduan, ezta? [barrez].
Eta zaletasun hori, nondik datorkizula esango zenuke?
Ez dakit ongi. Etxean nire aitonak marrazten zuen eta oroitzen dut txundituta geratzen nintzela hark egindako marrazkiekin. Bazuen liburu bilduma bat animaliena, liluratu egiten ninduen. Askorentzat aspergarria suerta daitekeen arren, telebistako kate bateko dokumentalak ikustera sofan esertzen ginen. Animaliak, landareak eta horrelako gauzak ikusi eta marrazten hasi nintzen, beraz.
Sormena, nondik datorkizu edo nondik ateratzen duzu?
[Barrez] Zaila egiten zait jakitea, ez dakit ondo nondik datorren. Ez da konstantea, ez datorkit beti inspirazioa, boladaka doa. Badira momentuak ideia bat datorkidala burura, eta pentsatzen dudala agian ideia ona izan daitekeela. Baina batzuetan ideia hori ideia hutsean geratzen da, ez dut gauzatzen. Beste batzuetan, aldiz, guztiz kontrakoa pasatzen zait. Konturatu gabe marrazteko gogo hori pizten zait eta atera dadila atera behar dena. Ez dut nire burua artisten munduan sartzen, ez dut uste hor egoteko eskubidea dudanik, baina badirudi konstanteki egon behar duzula ekoizten, titulu hori lortzeko. Sormena izan daiteke bat-batekoa, izan daiteke aspaldian garatu gabeko ideia bat. Ez da betiko egoera konstante bat, marrazkiaren arabera ere aldatzen da.
Ikasketarik egin duzu egun duzun trebetasun horretara iristeko?
Batxilergo zientifikoa egin nuen, eta gerora unibertsitatean geologia ikasi nuen. Unibertsitatean irteera asko egiten genituen, eta horietan ikusten genuena marrazten genuen. Baina ez dut ia ikasketarik egin, duela gutxira arte. Iaz ilustraziorako zenbait programa erabiltzen jakiteko ikastaro bat egin nuen. Baina egia da nahiko analogikoa izan naizela beti. Irungo tailer batean urtebetez ere aritu nintzen, baina nazkatuta amaitu nuen. Denbora guztian pitxarrak eta horrelakoak marrazten pasatzen genuen. Egia da hori ere ikasi behar dela, baina ez ninduen bete. Ikusten nuen ez zela sormena lantzen, ez nuen ikusten sormen hori pizteko baliabide edo tresnarik ematen zutenik. Argi izan nuen nahiago nuela nire kabuz paper baten gainean zerotik ikasten hasi. Boligrafo batekin aski zen nahi nuen hori egiteko.
Beraz, esan daiteke zure kabuz ikasi duzula, autodidakta izan zarela, ezta?
Bai, hori da. Gustatuko litzaidake egunen batean serioago hastea, oinarri hori lantzea. Baina beti saiatu naiz hori ekiditen, hortik ihes egiten. Ez dut esaten beharrezkoa ez denik, baina beti izan dut neure buruarekin gogoeta hori. Pentsatu nuen Arte Ederrak ikastea, baina ez ninduen erabat erakartzen.
Ezagutzen ez zaituztenentzat, nor eta nolakoa da Ane Zufiaurre?
Ez dakit ondo nondik jo horrelako galderekin. Pazientzia handiko pertsona bat naiz, eta hori beharrezkoa da marrazteko. Txikitatik pazientzia handia eduki dut. Marrazki bat ilustratzerako garaian burbuila batean sartzen den horietakoa naiz. Eta euskaltzalea, hori ziur.
COVID-19ak, zer nolako eragina izan du zure eguneroko jardunean?
Uste dut munduaren banaketa bat egon zela, ezta? Batzuk izugarrizko ekoizpena egitea lortu zuten eta beste batzuk, ni tartean, ez nuen lortu inondik inora ere gauzak aurrera eramatea. Frustrazio handiko hilabeteak izan dira, zerbait egin nahi eta ezin horretan. Baina uste dut gauzak birplanteatzeko aukera ere izan dela. Aldaketa sumatu nuen nigan garai horretan, benetan zer egin nahi nuen jakiteko baliagarria izan zen.
Hortaz, zerbait ona ere ekarri dizu pandemiak.
Bai, noski. Eta berriro lanean hasteak indar handia eman zidan. Niri lanak diziplina ematen dit. Gero eta denbora gutxiago izan, orduan eta finagoa naiz. Hau da, denbora labur batean kapazagoa naiz gauzak hobeto egiteko, azkarrago. Presioak asko laguntzen nau.
Argi dago ez dela erraza ilustratzaile izatea. Bidean oztopo askorekin egiten duzue topo?
Oso zaila da. Aukeren aldetik uste dut oso gutxi daudela. Editorialetan eta horrelako lekuetan ilustratzaile batekin badirudi aski dela. Hor aldaketa bat egon behar dela pentsatzen dut, beharrezkoa da.
Zure ametsetako bat bada, beraz honetatik bizi ahal izatea?
Bai, gustatuko litzaidake, ados. Baina baina askorekin. Euskal Herrian, adibidez, gizonezko pila bat aritzen dira ilustrazioan, eta ez hainbeste emakume. Nik, adibidez, erreferente ugari ditut, gizonezkoak zein emakumezkoak, baina zergatik gara hain gutxi? Zergatik ez zaie ematen leku hori? Eta batez ere Euskal Herrian. Ezagutzen ditut pertsonak Frantziara joan direnak hemen ez zegoelako aukerarik haientzako. Beste saretze mota bat behar dela uste dut, denak elkartuko gaituenak, norabide berean egin dezagun arraun, hasi berrietatik profesionaletaraino. Asko lagunduko luke horrek.
Nola jaso duzu HITZA-ren proposamena?
Ilusioz jaso nuen proposamena, gogo handiz gainera. Sekulako aukera izango da nire lana plazaratzeko. Aurten aritu naiz hedabidearekin elkarlanean, ilustrazio ugari egin ditut. Beste formatu batera pasatzea, egutegi batera kasu honetan, pizgarri bat izan da. Egia da bertigo pixka bat ere eman zidala. Hitza-ren kolaborazioak onartu nituenean sentitu nuen iruzurtiaren sintoma hori [barrez]. Beti esaten nuen, ‘gai izango ote naiz eskatzen didaten hori egiteko?’. Galdera asko etorri zitzaizkidan burura. Eta egutegiarekin berdintsu. Gaia, gainera, ez zen erraza islatzeko. Gero, egutegi hori non egongo den pentsatu nuen, sukaldean, salan… Estetika horri jarraituta, pentsatu nuen ea nola geratu zitekeen txukun horrelako toki batean. Argi nuen, eta klabea da nire ustez, irudiak ez zuela aspertu behar. Hau da, behin eta berriro begiratzen duzun irudi bat izango da egutegia izanik, eta begiratzen duzun bakoitzean zerbait berria ikustea izan da nire asmoa. Begirada bakoitzean ikusi ez dugun detaileren bat izan dezala.
Zein izan da HITZA-ren proposamena?
Hasieratik esan zidaten oinarriak ura izan behar zuela. Oarsoaldea eta Bidasoa uraren inguruan eraikita daudenez, uraren presentzia beharrezkoa zela. Gero, mugak eta ez mugak kontzeptuekin jolasteko proposatu zidaten. Izokinak imajinatzen genituen Bidasoan uraren kontra igerian, ideia ugari izan ditugu. Baina askatasuna izan dut uneoro.
Zer islatu duzu, zein da irudiarekin kontatu nahi izan duzuna?
Uraren gainetik dagoen hori islatzea izan da nire asmoa, korrontearen kontra joateko joera hori. Ura ikusten da, eta badira alga antzeko landare batzuk korrontearen aldera doazenak. Eta muga kontzeptuari dagokionez, esku batzuk irudikatu ditut landare horiek eusten, korronteak eraman ez ditzan. Eskuak Bidasoa ibaian migranteek pairatutako drama horri keinu bat egiteko erabili ditut. Mezu asko islatu ditut irudian.
Nolakoa izan da prozesua, nondik hasi zara?
Hasiera eta bukaera erabat ezberdina izan da. Hasieran beste zerbait nuen buruan, eta azkeneko egunetan hankaz gora jarri nuen, berriro hutsetik hasi nintzen. Hasierako ideia horrekin ez nuen asebetetzea lortzen, baina azken honekin bai, sinbolismoa erabilita buruan nuen hori islatu baitut. Egia esan, oso gustura geratu naiz emaitzarekin.
Hurrengo erronkarik?
Hitza-ko kolaborazioei jarraipena emango diet, gustura gainera, asko asebetetzen nau lan honek. Pentsatu dut nire porfolioa pixka bat betetzea gerora ilustrazio munduko beka baten eskaera egiteko. Epe luzera, editorialekin harremanetan jarri, laminak egin, liburuak ilustratu… Ideia ugari ditut buruan.