Aho batez onartu dute Artiako Lagunak-en mozioa
Juan Thalamas Labandibar kalean abiadura 30 km/h-ra murriztearen alde egin du udalbatzak, eta, horrez gain, urgentziaz, trafikoa lasaitu eta abiadura moteltzeko neurriak hartzeko eskatu du.
Bukatu da 2021ko azken udalbatza. Bederatzi puntuko gai ordenetik hiru izan dira eztabaida luzatu dutenak: udaltzain lanpostu berriak sortzea, EH Bilduk Jaizkibelgo militarren tiro eremua kentzeko aurkeztutako mozioa, eta Artiako Lagunak auzo elkarteak Juan Thalamas Labandibar kalean abiadura 30 km/h-ra murrizteko egindako eskaera.
Azken horri dagokionez, udal talde guztiek bat egin dute mozioaren muinarekin, eta aho batez onartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiari kale horretan abiadura 30 km/h-ra mugatzeko eskatzea. Horrez gain, urgentziaz, Juan Thalamas Labandibar kaleko trafikoa lasaitzeko eta abiadura moteltzeko neurriak hartzearen alde egin dute.
Mozioa Alazne Izulain auzo elkarteko kideak aurkeztu du. Hasteko, eskerrak eman dizkio Red Ciudadana Sevillari mozio hori aurrera ateratzen laguntzeagatik. Horrekin batera, eskaera hori Red Ciudadana Sevillaz eta Artiako Lagunak-ez gain, Balazta, Eguzki, Ekologistak Martxan, Gure Esku Dago, Kalapie, Bidasoaldeko Lagunak eta Stop Accidentesek babestu dutela adierazi du.
Azkenik, mozio hori Behobia eta Artiako auzotarren eta oinezko nahiz bidegorriaren erabiltzaileen eta errepidearen erabiltzaileen segurtasunaren alde aurkeztu dutela plazaratu du.
Auzotarrek eta kale horren erabiltzailek dituzten arazoen berri eman du Izulainek. Izan ere, egun, 70 km/h-ko abiaduran ibili daiteke GI 363ren zati horretan, eta gune batzuetan, gainera, ibilgailuak aurreratzeko aukera ematen du. Horrez gain, oinezkoak eta bidegorriaren erabiltzaileak ez daudela babestuta azaldu du, ez dagoelako errepidea eta espaloia nahiz bidegorriaren arteko muga fisikorik zuhaixka batzuk kenduta. Bazterbide, areka edo bazter babesik ere ez dagoela gaineratu du. “Ez dago bakarrik jokoan babes bide segurtasuna, baita bizitzeko segurtasuna ere” esan du Izulainek. Egunero errepide horretatik 25.000 ibilgailu pasatzen dira.
Izulainen arabera, aldundiarekin izandako elkarrizketetan abiadura 50 km/h-ra jaisteko prest azaldu da, eta 30 km/h-ra mugatzearen aldeko jarrera agertu du.
Hasiera batean, EAJk abstentziora joko duela iragarri du Lordes Larrazak, eskaera abiadurara mugatuta zegoela argudiatuta, baina ondoren, boto asmoa aldatu du eskatuz, kontuan hartzeko segurtasuna bermatzeko beste bide batzuk ere, hala nola, hesiak jartzea edo aurreratzeak debekatzea.
Miguel Angel Paezek, berriz, mozioaren funtsean ados egon arren, “errespetua” eskatu dio Izulaini, aurkezpenean erabilitako “tonua” dela eta.
EH Bilduren mozioa
Eztabaida piztu duen beste mozioa EH Bilduk aurkeztutakoa izan da Jaizkibelgo militarren tiro eremuaren gainean. Eztabaida eragin duen mozioa nola bozkatu izan da, EAJk puntuz puntu egiteko eskatu baitu, printzipioz, EH Bilduren onespenarekin. PSE-EE eta Elkarrekin Podemosek ere eskaera hori babestu dute, baina Paezek ñabardura egin du mozioaren aurkezpenarekin, xedapen ataletik kanpo geratuko den galdetuz. Eztabaida sortu da talde politikoen artean, eta, azkenean, minutu batzuetako etenaldia egin dute barne mailan hitz egiteko. Azkenean, EH Bilduk mozioa bere osotasunean bozkatzearen alde egin duenez, PSE-EE eta PPk kontra bozkatu dute, eta EAJ eta Elkarrekin Podemos abstenitu egin dira.
Bestalde, udalak 7 udaltzain postu berri sortzeko proposamena eraman du udalbatzarrera. Oro har, udal talde guztiek ikusi dute udaltzainen lantaldea handitzeko beharra, batik bat, azken hilabeteetan Irunen sortu diren segurtasun arazoak medio. EH Bilduk ere bat egin du, baina beste sailetan ere behar direla zehaztu du Jokin Melidak. Baina batik bat euskara eskakizunek kezkatuta azaldu da, bi lanpostutan ez delako eskatuko. Cristina Labordak erantzun dio prozedura osoa “legearen barruan” dagoela, baina batik bat “oinarrizko behar bati ahalik eta azkarren” erantzun behar zaiola nabarmendu du.