Petardoak eta suziriak bide publikoan erabiltzea debekatuta dagoela gogorarazi du udaltzaingoak
Arau hauste horrek 750 euro arteko isuna ekar dezake.
Petardoak, suziriak, bengalak eta gisa horretakoak bide publikoan erabiltzea debekatuta dagoela gogorarazi du Udaltzaingoak, horiek erabiltzeko berariazko baimenik ez bada. Arau hauste horrek 750 euro arteko isuna ekar dezake. Azken urteetan “ardurarik gabe” eta “era arriskutsuan” erabiltzen direlako nabarmendu nahi izan dute debeku hori, “arriskua baitakar pertsonen eta ondasunen segurtasunerako”.
Halakoak erosteko adinaren gainean ere mintzatu dira. Eta hala, petardoak eta antzekoak soilik 12 urtetik gorakoek eros ditzaketela nabarmendu du Udaltzaingoak, “baina gai argitsuak bakarrik, bonbeta motakoak”. 16 urtetatik gorakoek arrisku txikiko eta zarata txikia eragiten duten petardoak eros ditzakete, eta gainerakoetarako, beharrezkoa dela adin nagusikoa izatea esan du, eta berariazko baimena izatea.
Halakoen erabileraren gaineko jarraipen zehatza egingo duela Udaltzaingoak jakinarazi dute gainera, eta bide batez, gaiarekin lotuta edota bestelakoen abisuak emateko 092 eta 112 telefono zenbakiak eskura dituztela gogorarazi diete herritarrei.