Udal garbitzaileen artean "soldata arrakala" salatu du ELA sindikatuak
Gizon eta emakumeen arteko oinarrizko soldatan %5,25eko arrakala dagoela ezagutarazi du ELAk; udalaren eta ISS enpresaren erantzun falta salatu eta mobilizazioak iragarri ditu sindikatuak.
Hondarribiko udal garbitzaile eta kaleko garbitzaileen artean “soldata arrakala” salatu du ELA sindikatuak. Ainhoa Arretxe Oarso Bidasoko garbiketa zerbitzuetarako arduradunak azaldu duenez, udal eraikinetako garbiketa emakueek burutu ohi dute, eta gizonek, berriz, kalekoa. Horien artean %5,25eko arrakala ematen da oinarrizko soldatan: “1.200 euro gutxiago kobratzen dituzte emakume horiek urtero”. Zentzu horretan, kalean egoteagatik beharginek jasotzen dituzten plusak ez dituztela kontuan hartu zehaztu du. “Bestela, arrakala askoz ere handiagoa izango litzateke, %18,53koa. Alegia, 4.200 euro urtean”.
Arrakalaz gain, garbitzaileek ISS enpresarekin sinatutako lan hitzarmena 2011. urtetik berritu gabe dago, eta COVID-19ak eragindako pandemiak, euren lan baldintzek okerrera egitea eragin dute, Arretxeren arabera: “Lan karga bikoiztu egin zaie, eta enpresak baliabide gutxi jarri ditu haien esku”.
Hiru arazo nagusi horien inguruan hitz egiteko bilera galdegin dute langileek ISS enpresako arduradunekin. Hala ere, enpresaburuak ez dira langileekin biltzeko prest azaldu, sindikatutik salatu dutenez. Areago, Hondarribiko Udalarekin ere harremanetan jarri diren arren, ez dutela erantzunik jaso jakinarazi du Arretxek.
Hori horrela, langileek mobilizazioak iragarri dituzte, eta lehenik eta behin, euren lan zentroak pankartez betetzea erabaki dute.