[Galeria] 2021eko San Tomas azokak dozenaka herritar erakarri ditu
Pandemia egoera dela-eta soilik ekoizleek parte hartu ahal izan dute San Tomas eguneko ferian; arratsaldean haurrentzako jolasak eta dantza emanaldia egingo dituzte.
Iazko etenaldiaren ondotik iritsi da 2021. urteko San Tomas azoka. Ezohiko santomasak dira aurtengoak, eta COVID-19 gaitzaren hedatzea eteteko asmoz, soilik ekoizleen salmenta postuak onartu ditu Hondarribiko Udalak. Herriko hamar bat ekoizlek kanpotik iritsitako beste hainbesterekin partekatzen ari dira, beraz, San Pedro kalean kokatutako San Tomas azoka.
Besteak beste, loreak, baserriko produktuak, ogia, artisautza, larrua, likoreak… aurkitu ahal izan dituzte azokara gerturatu diren dozenaka lagunek. Giroa animatzen joan da eguerdia hurbildu ahala, eta txistorra jateko eta txotx egiteko aukera egon ez den arren, inguruko tabernak baliatu dituzte bertaratutakoek.
Arratsaldean umeentzako jokoak egingo dituzte Arrantzale Auzoan, eta ondoren, Meakako Adixkideak taldeak dantza emanaldia eskainiko du.
Ondokoa da goizak emandako irudi sorta.