[Galeria] Elkartasunezko 6.000 kilometro, ergometroekin
Hondarribia, Hibaika, Kaiarriba Donostiarra eta Donostia Arraun Lagunak klubetako emakume arraunlariek Nairobi eta Hondarribia arteko distantzia bete dute.
Hondarribia eta Hibaika arraun elkarteetako zein Kaiarriba Donostiarra eta Donostia Arraun Lagunak klubetako emakume arraunlariek bat egin dute gaur goizean Jostaldi pilotalekuan Hondarribia-Nairobi Challenge erronkarekin. Horren baitan, 6.000 kilometro bete dituzte ergometroekin elkartasun keinua egiteko.
Harambee Afrika Elkarrekin Bai gobernuz kanpoko erakundeak (GKE), Hondarribiko Udalaren eta arraun elkarteen laguntzaz martxarazitako erronka gaur goizean bete dute. 11:00ak jota ekin diote arraunari pilotalekuan, bikoteka txandatuz ergometroak. Ordubete pasata arnas hartzeko aukera laburra izan dute eta 13:10a pasatxo arte ez diote etsi.
Nekatuta, baina harro eta gogotsu ibili dira lau klubetako arraunlariak. Jakin baitakite gaur goizeko esfortzuak munta handiko emaitza izango duela Nairobiko hamahiru emakumerentzat. Erronkari buruzko informazio guztia hemen irakur daiteke.