COVID-19 ziurtagiria eta NAN-a eskatuko ditu udalak eremu itxietako ekitaldietan
Jende andana biltzen den ekitaldietan 6 urtetik beherako umeei maskara jartzeko gomendatu du udalak; osasun ziurtagiria lortzeko zailtasunak dituzten hondarribiarrei laguntza emateko zerbitzua abiatuko dute.
Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, COVID-19 ziurtagiria eta NAN-a ezinbestekoak izango dira eremu itxietan egiten diren ekitaldietara sartzeko. Hilaren 14ko 47/2021 dekretuaren arabera, 12 urtetik gorako herritar orok bete beharreko baldintza dela adierazi du Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak. Ildo horretan, jende anda biltzen den ekitaldietan 6 urtetik beherako haurrei maskara jartzeko gomendatu du, halaber, hautetsiak.
Azkenik, COVID-19 ziurtagiria lortzeko zailtasunak dituzten herritarrei aholkularitza eta laguntza zerbitzua emango diete Kultura eta Gizarte Zerbitzuetako departamentuek, hilaren 20tik 23ra 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, Itsas Etxea Auditoriumaren sarreran.