Presa I eremuan alokairu sozialeko 66 etxebizitza eraikitzea onartu du udalbatzak
Hartutako erabakien artean, besteak beste, Ramery jauregia bereganatzeko eskaera onartu zuen udalbatzak, ez ordea, Memoria Historikoaren alde Abotsanitzek aurkeztutako mozioa.
2021. urteko azken ohiko osoko bilkura egin zuen atzo Hondarribiko Udalbatzak. Hiru ordu eta erdi pasatxoz luzatu zen udalbatzarra, tartean, soinuarekin arazo teknikoak egon zirelarik. Zailtasunak izan zituzten osoko bilkura jarraitzeko ahalegina egin zuten kazetari, politikari zein herritarrek.
Hori horrela, nabarmentzekoa da Presa I eremuan alokairu sozialerako 66 etxebizitza, 55 aparkaleku eta 260 metro koadroko merkataritza lokal bat eraikitzeko Visesarekin sinatutako akordioa berretsi zela. EAJren gobernu taldearen proposamenak Abotsanitzen eta PSE-EEren babesa jaso zuen, eta EH Bilduren abstentzioa.
Txomin Sagarzazu alkateak “ilusioz” eta “gogoz” hartu duela udal talde jeltzaleak akordioa adierazi zuen. Oposizioak, bere aldetik, informazioa ez partekatu izana deitoratu zuen. Abotsanitzeko Igor Enparan bozeramailearen iritziz, “Txominek [Sagarzazu] edo EAJk negoziatu dute hitzarmen hau. Zeuden aukeren artean pobreena da, eta ez dio herriak dituen beharrei erantzuten”.
“Hondarribia Lantzen indartu edo birpentsatu beharko genuke, eta Visesa edo antzeko erakundeekin ez hainbesteko lanketetan aritu”, adierazi zuen EH Bilduren udal taldeko Xabi Bengoetxea zinegotziak bere aldetik. Hori dela eta, abstentziora joko zuela zehaztu zuen.
Azkenik, PSE-EEko Noemi Odriozolak Presa I-eko merkataritza lokalean udal artxibategia ezartzeko eskaria egin zion udalbatzari, eta informazio falta salatu arren, eskerrak helarazi zizkion Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari.
Ondoren, Ramery jauregiaren lagapenaz aritu zen udalbatza, eta aho batez erabaki zuen Espainiako gobernuari horretarako eskaera helaraztea. Mozioen aurreko azken bi puntuetan zergak eta isunak arazteko proposamena eta turismo teknikaria kontratzea onartu zuen EAJren udal gobernuak gehiengoa baliatuta.
Mozioak
Lehen mozioak Pedro Muguruzaren adopziozko seme eta Francisco Sagarzazuren seme kutun izendapenak bertan behera uztea proposatu zuen Abotsanitzeko Aitzol Arroyo zinegotziak, bai eta haien omenez eraikitako edozein motatako sinbologia ezabatzea ere. Memoria Historikoaren aldeko mozioak ez zuen EAJren eta PSE-EEren babesik lortu. Jeltzaleek eta sozialistek argudiatu zutenez, Eusko Legebiltzarra prestatzen ari den lege berria onartu arte itxoin nahi dute. Bestelako lanketa baterako aukera emango duela lege berriak adierazi zuen Maria Serrano zinegotziak, eta hortaz, itxoitea zela jeltzaleen hautua.
Udal inbentarioa osatzeko Abotsanitzek aurkeztutako mozioa udal talde guztien botoekin onartu zuen udalbatzak. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiari Amute eta Gabarrari kalearen artean falta den bidegorri zatia eraikitzeko eskaria helarazteko konpromisoa ere hartu zuen udalbatzak EAJren, Abotsanitzen, eta EH Bilduren aldeko botoekin. Alderdi sozialistak abstentziora jo zuen.
Azken mozioak Espainiako armadak Jaizkibelen egindako maniobrak eta esku hartzeak salatu zituen. EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena EAJrekin adostuta, eta Abotsanitzen babesa jaso zuen. PSE-EE abstenitu egin zen.
Azken osoko bikuran oposizioko udal talde guztiek galderen txanda baliatu zuten. Aldi baterako lan programak, alardearen inguruko elkarrizketak, eta Amuten izandako desjabetze bat izan zituzten hizpide.
Azkenik, gai ordenetik kanpo zegoen arren, Marisa Izquierdo udal idazkariari zuzendu zen udalbatza. 1989. urtean Hondarribiko udaletxean lanean hasi zenetik atzokoa izan zuen azken osoko bilkura. Hilaren 31n hartuko du erretiroa Izquierdok, eta horrek, bozeramaile eta zinegotzien esker oneko hitzak eragin zituen .