Wisla Plocken kontrako lehia izango du Bidasoak gaur
Asteartean, Pfadi Winterthurren kontra garaipena eskuratu ondoren, European Leagueko bigarren partida jokatu dute aste berean irundarrek.
Europako astea izaten ari da Bidasoarentzat, eta bigarren bidaia egin zuen atzo Poloniara. Dagoeneko han dira irundarrak, gaur, Wisla Plocken kontra jokatzeko. Partida 18:45ean hasiko da, eta ETB4ean zuzenean ikusteko aukera izango da.
Konfidantza dosia hartuta, baina bigarren bidaiaren pisuarekin iritsiko dira irundarrak poloniarren kontrako lehiara. Asteartean garaipen garbia eskuratu zuten Pfadi Winterthur suitzarren kontra etxetik kanpo: 23-37.
Wisla Plock bigarren dago sailkapenean, eta bost partidetatik bakarra galdu du, Fuchse Berlin liderraren kontra. Jacobo Cuetara entrenatzailearen arabera, ikusteke dago nola errekuperatuko diren jokalariak hain denbora gutxian, baina “ilusioz” irtengo dira kantxara: “Ahaleginak dosifikatu beharko dira aurretik ditugun partidei begira, eta arerioaren maila ikusita, baina dosifikazio eta errotazio oinarriarekin jokatuta, ikusiko dugu zein aukera ditugun, eta azken minutuetara aukera horiekin iritsiz gero, partidaren bila joango gara”.
Astearteko partidaren harira, bi puntuak garrantzitsutzat jo ditu, hurrengo fasera sailkatzeari begira, eta Bidasoa zetorren momentutik zetorrela kontuan hartuta.