Irun, Iruña eta Iruñea, euskararen gordailu
Esperantzetan egon nahi nuke ainarak joan diren garaiotan, eta maitasunaren asunak udaberrirako ahantzirik, añarra bilduko dut Irungo zelaian, zauriak goxatzeko sendabelarra denez. Udako eztia maitasunezko itxaropenaren ameztia den bezala, itxaropenak eta beherapenak alde batera utzita, gorapozak eta esperantzak aldarrika ditzagun udazkenean isilik, maitasunaren ase nahiaz edo hatz egiteko guraz, ez ote hobe amodiozko esperantza betea, maitearen itxaropen-hitz hutsak baino?
Esperantza iruten ari nuzu urte berria ate joka dugun honetan, eta badakigu Irun, Iruña eta Iruñea hitz bera direla, eta erromatar garaiko euskal hiru (h)iri garrantzitsu izan zirela; Oiasso (Easo, Olearso edo Oiarso), Pompaelo eta Veleia izen latindarren barnean euskal kontzientzia gorde zuten, eta honaino iritsi den gure euskararen gordailu izan ziren.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu dugu berriki, eta aurten hamar urte bete dira ETAk alde bakarreko behin betiko su-etena aldarrikatu zuenetik. Geroztik, bakearen oihala irun nahian gabiltza, jakinik errelato bakarra ezin daitekeela osatu, ez bada den-denok kontuan hartuko gaituen oraindik osatu gabeko bilgune batekin. Batzuek diote ETA sekula ere existitu behar ez zela, eta beste batzuek diote ETArik gabe euskara eta euskal kultura ez zela gaur egun existitu izanen.
Egia da borroka armatuaren eta gerra zikinaren azken 70 urteak ez direla alferrik pasa, nahiz eta alferreko min asko jasan eta eragin dugun, denok izan baikara kaltetuak, euskaldun guztiok alegia. Euskal literaturaren eta kulturaren industriaren jaia ospatu dugu Durangoko azokan, eta, era berean, aitortu behar da 1950eko hamarkadan euskara eta euskal kultura galzorian edo hil-hurren zegoelako sortu zutela zoro ameslari batzuek ETA, eta inguruan nahiz euskal gizartean mugimendu askatzaile horrek guztiak eta borroka armatuak hasiera eman ziotela euskal berpizkundeari. ETA sortu zen sortu behar zuelako biziraun genezan, eta denbora pasa den arren, denborak galdu gaitu.
Hala ere, nabilelako nago hemen; nekeetan irria begietan aitzina begira jar gaitezen, iragana ahantzi gabe, eta gaur biziz. Gaur faltan dut zubi bat egitera gonbidatu ninduena, baina ez diot deitu, ezta idatzi ere. Pentsatu dut ongi egiten ari naizela, hau jada urrats handi bat dela. Zubiak eraiki behar ditugu, eta zauriak sendatu. Udazkenean irun behar dugu bedatsea, belar-hatsa alegia, eta ni jada prestatzen ari naiz Hatsaren Poesiarako ene olerkia. Aukerari atxikitako hizkuntza-politika irun eta josi, zirrikituen politikak probestu gure hiriak izan daitezen on eta gordailu erdal munduen barnean. Zain dezagun, otoi, gure bihotza, geure eskuetan baitago biziraupena, eta oroit bihotz hautsiok direla aukera ingurunerik ederrenak sortzeko. Femme fatale izateari utzi nahi diot, eta galbidera eraman ninduena albo batera utzita, irabazpidera abia gaitezen denok.