Aireportuko errepideko bidegorriaren gaineko mozioa aurkeztuko du Abotsanitzek
Hiru mozio aurkeztuko ditu denera Abotsanitzek biharko osoko bilkuran; udal ondasunei eta memoria historikoaren ingurukoak dira beste biak.
Abotsanitzen udal taldeak hiru mozio erregistratu ditu biharko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Lehena, udal ondarearen ingurukoa da; bigarrenak memoria historikoari erreparatuko dio; eta azkenak, aireportuko errepideko bidegorria eratzea eskatuko du.
Udal ondareari dagokionez, Ondare eta Eskubideen Udal Inbentarioa (udalarena, Hondarribia Lantzen sozietate publikoarena, eta Arma Plaza fundazioarena) ezagutaraztea eskatuko du Abotsanitzek, bai eta azken urteetan izandako aldaketen berri ematea ere.
Pedro Muguruza arkitekto frankistari adopziozko seme izendapena, eta bi diktaduretan alkate izandako Francisco Sagarzazuri seme kutun izendapena kentzeko eskatuko du bigarren mozioak. Horrez gain, bien omenezko oroitarriak ezabatzea eta Sagarzazuren izena daraman parkeari izena aldatzeko parte hartze prozesua abiatzeko ere galdegingo du udal taldeak.
Azkenik, Hondarribiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari aireportuko errepideko bidegorri tartea egiteko eskatzea proposatuko du Abotsanitzen udal taldeak. «Orain urte batzuk Jaitzubia eta Amute arteko zatia egin eta gero, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Oinarrizko Sareko 1. Ibilbidearen Hondarribiko zatia osatzeko falta den tartea da aireportuko errepidekoa», adierazi dute taldekideek. Abotsanitzen aburuz, tarte hori estrategikoa da «erosotasun, segurtasun eta planeamendu» aldetik, eta gainera, Hondarribiari «mesede handia» egingo lioke.
Honakoak dira mozioak:
MOZIOA – Aireportuko errepidean bidegorria
MOZIOA – Ondasun eta Eskubideen Inbentarioa
MOZIOA – Pedro Muguruza eta Francisco Sagarzazu