[Galeria] Osasuna erdigunean jarri eta ebakuntza gelak ez ixteko eskatu dute ehunka lagunek
Bidasoa Ospitaleko Kirofanoak ez ixtea galdegin dute, Bidasoko herritarren osasuna erdigunean jartzea, bermatzea artapen egoki eta kalitatezkoa.
Ehunka eta ehunka lagunek egin dute bat Osasun Bidasoak gaur arratsalderako Irunen deitua zuen manifestazioarekin. 18:00etan abiatu da San Juan plazatik manifestazio burua eta 20 minutu geroago atera dira azken manifestariak. Parte hartzaileen datu zehatzik ez dute eman, baina antolatzaileak pozik azaldu dira, “ikaragarrizko jendetzak egin du bat deialdiarekin eta eguraldia kontuan hartuta, ez genuen hainbesteko erantzunik espero. Oso pozik gaude”.
Manifestazioaren buruan Gure Osasunaren Alde SOS kirofanoak. Handitu, berritu, hobetu leloa euskaraz eta gaztelaniaz zuen pankartan, Irun, Hondarribia eta Bortzirietako plataformetako ordezkariek eraman dutena; Manifestazioaren erdialdean, bigarren pankarta bat, Bidasoa Ospitaleko langileek eraman dute eta borrokan direla gogorarazi dute. Zabaltza plazan amaitu da eta bertan irakurri dute manifestua Tamara Sastre eta Kontxi Zabala plataformako kideek, eta Jose Mari Arrienda Bidasoa Ospitaleko patologoak eta Esther Martinez ospitale bereko anestesia saileko arduradunak.
Pasa den hilaren 22an Irungo Udalak egindako adierazpen instituzionalean aho batez onartu zuen Osasun sailburuari azalpenak eskatzea Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko kirurgia eremua birmoldatzeko obren inguruan, Osasun Bidasoa plataformak gaur salatu duenez, “oraindik ez du erantzunik jaso”. Ospitaleko gerentearekin ere eskatu zuela bilera plataformak esan dute, “baina adeitasun osoz, bilera horri uko egin zion, eta sailburu andreari egotzi zion erantzukizun oro”. Aurrean agertoki iluna dute, ez dutelako inolako azalpenik Bidasoa eskualdeko herritar eta profesional askok, ezta Bidasoa Ospitaleko kirurgia eremuko langileek ere, eta hamaika galdera badituzte ere, horiek erantzunik gabe dira gaur-gaurkoz.
Ez dakite lanpostuen %100 mantenduko den, ospitaleak %100 funtzionatuko duen, bertako langileak Onkologikora bideratuta Bidasoa Ospitaleko zerbitzuaren kalitatea arriskuan jarriko duen, Onkologikoan pazeintyeak artatzeko odol banku proipioa, farmazia, esterilizazioa, laborategiak, esnatze gelak sortuko diren, ebakuntza osteko errekuperazioa non egingo duten pazienteek… Galdera eta kezka andana, eta guztiak arduradunen erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute gaur bildutakoek. Beldur dira gainera, Bidasoa Ospitalean egingo den erreforma datozen 30 urteetarako behar tekniko eta sanitarioak bermatuko ote dituen, “biztanleria hazten eta zahartzen ari da, eta kalkuluen arabera, 100,000 biztanle inguru izango ditu”.
Kezka hori areagotu egin zaie plataformako kideei, aipatu baita etorkizunean Oarsoaldeko 55.000 paziente berri hartuko dituela, “ez al da beharrezkoa izango epe laburrean zabaltzea”.
Aipatutako kontu horiek guztiek zalantzak sortzen dizkietela esan dute poriektuaren bideragarritasunaren inguruan, “baita horrek gure pazienteen segurtasunean eta asistentzia kalitatean dituen ondorioei buruz ere”.
Gaur egungo beharrei erantzuten ez dien ospitalea dutela salatu dute, “11.000 biztanle gehiago ditugu eta kopuruak goraka jarraituko duela aurreikusten da. Egungo eraikinak espazio arazoak ditu eta berrizteko beharra dago”. Horren aurrean proposamena ere egin du plataformak, “handitzea, berritzea eta hobetzea, datozen 30 urteetan osasun zerbitzu publiko egokia izaten jarraitzeko, eta obrek irauten duten bitartean alferrikako eragozpenak saihestea, plangintza egokia aplikatuz”.
Amaitzeko lau eskaera zehatz egin dituzte gaurko protestaren barruan: Osasun langileen lan eskubideak errespetatzea; martxan dauden lizitazioak geldiaraztea; Bidasoa Ospitaleko ebakuntza aretoak martxan egotea birmoldaketaren prozesu osoan; eta Bidaso Ospitaleko profesionalei, udalei, sindikatuei eta Bidasoko elkarteei entzutea.