Jose Antonio Santano alkateak Behobiako egoera "kezkagarria" dela adierazi du
Trafikoarentzat itxita jarraitzen du Behobia auzoak, eta udaleko larrialdietarako mahaiak egoeraren eboluzioari adi jarraituko dutela adierazi du.
Ostegunean Behobiako uholdeen aurkako plana aktibatu zuen udalak, larrialdietarako mahaiarekin adostu ostean. Gaur goizean mahaia bildu egin da ondorioak zeintzuk ziren ikusi ostean, eta bertan izan da Jose Antonio Santano alkatea: “Historikoa da uraren maila, Endarlatzan ez genuen 8,34 metro baino gehiagoko maila ezagutu, honek egoeraren larritasuna zein den jakiteko balio digu. Zaintza egiten jarraitzen dugu, larritasun gorenarekin, uhateak jarrita segituko dute eta bizilagunei ohartarazi diegu egoera kezkagarria dela”.
Atzo gauean bertako bizilagunei autoak Behobiako aparkalekuetatik ken zitzaten ohartarazi zieten, eta aldi berean, alkateak esan bezala, uhateak jarri dituzte Bidasoa ibaitik gertuen dauden inguruetan, ura gelditzeko. Gainera, gaur goizean, uholdeak zeudenean, gatzezko zakuak jarri dituzte ere asmo berdinarekin.
Behobiara sartzeko errepideak itxita daude eta trafikoak desbideratuta jarraitzen du. Bitartean, Blaia ibilbidetik edo Zaisa 3-tik joan behar dute Irunera iritsi nahi dutenek. Inguru horietako biribilguneetara ezin da sartu, beraz, AP-8 autobidea hartu behar dute Ipar Euskal Herria edo Nafarroarako noranzkoan.
Behobian ez ezik, Irungo beste hainbat lekutan arazoak egon dira ere eurite eta uholdeengatik, baina egunean zehar egoera hobetzen joan dela jakinarazi du udalak, hala nola, Ermita kaleko etxe batean arazoak egon dira, Bidaurre Ureder poligonoan zuhaitz batzuk erori dira eta Jaitzubian erretenak izan ziren bart, hala ere jada hobetu da arazoa. Halaber, Zubimuxurako sarrera ohiko egoeran dago irekita, baita Olaberria eta Katea arteko errepidea ere.