[Galeria] Behobia auzoa itxita autoentzat, uholdeengatik
Larrialdietarako mahaia oraintxe bertan bilduta dago, kalteak neurtzeko eta eginbeharrak zehazteko, Bidasoa ibaiak gainezka egin ostean.
Bidasoa ibaiak Behobian gainezka egingo zuela aurreikusi zuen udalak atzo gauean, eta bizilagunei haien autoak bertako kale bazterretatik kentzeko eskatu zieten. Abisatu gisan, goizaldean uholdeekin esnatu dira bizilagunak eta auzoko saltokien jabeak.
Itsasgora 09:00etarako iragarrita zegoen eta Txingudi Zerbitzuak-ek “itxarotea” besterik ez dela geratzen azaldu du. Izan ere, Euskalmeten arabera 15:30ean hasiko da itsasbehera eta ordura arte ez da jakingo zein izango den ibaiaren joera.
Ordu honetan, Zaisa I eremua, Maria Juncal Labandibar, Juan Thalamas Labandibar, Lastaola Postetxea karrikak urez beteta daude, eta azken kale honetako beheko solairuko etxebizitza batzuetan ura sartu da. Gainera, autoentzat itxi egin dute Behobiarako sarbidea, eta Blaia ibilbidetik edo AP-8 autobidetik desbideratu dituzte gidariak.
Auzo guztian zehar gatzez betetako zakuak jarri dituzte, urak eremu gehiago hartu ez dezan. Bitartean, Txinzerreko langileak, suhiltzaileak, babes zibila eta bizilagunak ura kentzen ari dira kaltetuak izan diren saltoki, leku eta etxebizitzetan.
Jose Antonio Santano alkatea ere bertaratu egin da, eta oraintxe bertan larrialdietarako mahaia bilduta dago kalteak eta egoera neurtzeko, baita hurrengo urratsak zehazteko ere. Udalak jakinarazi duenez, “egoera aldatzen ari da” eta hemendik ordubetera emango dute erabakien berri.