[Erreportajea] Torturaren itzalpean hedatutako zauriak
Iratxe Sorzabalek pairatutako torturek ez zutela soilik harengan zauria eragin ikusarazi nahi du Muara Kultur Elkartearen ‘Bi arnas’ lanak. Euskal presoaren ama Nieves Diazek hartuko du hitza.
Iluntasuna, oinazea, bakardadea, eta beldurra bezalako osagaiak uztartzen dituen errezeta ankerra da tortura. Arnasa eten, begiak itxi, eta berriz ere ingurura begiratzean, amesgaiztoa errealitate bihurtu izanaz jabetzera behartzen duen errezeta krudela.
Arnas estualdia eragiten duen praktika da tortura. Birikak hustearen eta horiek ezin betetzearen sentsazioa erreal bilakatzen du. Itolarria hedatu, eta uholde beldurgarri horretara eramaten ditu ere ingurukoak, lagunak, senideak, amak.
Iratxe Sorzabal euskal preso irundarrak eta haren ama Nieves Diazek sufritutako arnas falta islatu nahi du Muara Kultur Elkarteak esku artean duen Bi Arnas proiektuak. Bi arnas «ikusezin» horiek ikusarazi nahi ditu egitasmoak dokumental baten bitartez, eta horren berri emateko aurkezpena egingo dute gaur arratsaldean Olagarro elkartean, 20:30ean. «Irun, Hondarribia eta inguruko jendeari, lagunei eta senideei proiektua aurkeztea da helburua», azaldu du Kima Arzuaga elkartekideak. Udaberrirako ekoitzi nahi dute ikus-entzunezkoa, baina horretarako crowfunding kanpaina hasiko dutela urtarril hasieran aurreratu du Arzuagak. Sorzabalen kasuaz gain, euskal herritarrek pairatutako torturak salatzea du helburu lanak. Irundarraren aurkako epaiketetan lagungarria izatea ere espero dute bultzatzaileek.
Partekatutako zauriak
Reauko espetxean etxetik 800 kilometrora dago egun Sorzabal, Frantzian. Baigorrin atxilotu zuten 2015ean, eta ordutik dago preso irundarra. Ez da, halere, Sorzabalen lehen atxiloketa. 1997an atzeman zuten Frantziako indar polizialek lehen aldiz. 1999an aske geratu zen, eta 2001eko martxoan atxilotu zuen Guardia Zibilak berriro. Bost egunez inkomunikatuta izan zuten, eta torturak jasan izana salatu zuen. Sei hilabete geroago, irailaren 13an, aske geratu zen. Hainbat erakunde eta mediku txostenek egiazkotzat jo zituzten salaketak.
Sorzabalengan ez ezik haren amarengan ere zauria eragin du atxiloaldian gertatutakoak. «Iratxeren kasua salatu nahi dugu, baina aldi berean, torturak haren amari zeharka sortu dizkion kezkak eta beldurrak islatu nahi ditugu. Hori da haria. Ama izango da protagonista», amaitu du Arzuagak.