GKS eta Kontseilu Sozialista Bidasoa: "Kamera eta polizia gehiago egoteak ez du segurtasuna handituko"
Delinkuentziaren igoeraren aurrean udalak hartutako neurriek kontrol soziala eta errepresioa handituko dutela uste dute Bidasoko GKS eta Kontseilu Sozialista Bidasoak.
Azken hilabeteetan Irunen delikuentzia igo dela eta, udalak zenbait neurriren berri eman zuen, eta Irungo Komisaldegian ere ertzain gehiago izango direla jakinarazi zien Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Bidasoko GKS eta Kontseilu Sozialista Bidasoak, ordea, ez dute neurri horiekin bat egiten: “Kamera eta polizia gehiago egoteak ez du segurtasuna handituko, kontrol soziala eta errepresioa handituko ditu”.
Delinkuentzia horren igoeraren atzean “arazo estrukturala” dagoela iritzi diote, eta Irunez gain, estatu mailan ere eman dela hazkunde hori. “Bizi baldintzen garestitze eta pobretze orokorrean, ohikoa izaten da langile klaseko kapa zaurgarrienek legez kanpoko praktika batzuetara jotzea”, adierazi dute.
EAE Europako Batasunean polizia ratio handiena duen lurraldea dela gogorarazi dute, eta kamerak ere iraganean ipini izan arren, horrek ez duela arazoa konpondu. Aitzitik, masa pobretu osoa kontrolpean edukitzeko erreformak direla uste du GKS eta Kontseilu Sozialista Bidasoak. “Autoritarismo” hori geldiaraztea ezinbestekoa dela gaineratu du, langileak politikoki antolatzeko askatasun politikoak mugatzen baitituzte.
Arrazakeria
Delinkuentziaren atzean dagoen miseria ezkutatzeko arreta delinkuenteen profilean eta arrazan jartzen dituztela salatu dute, eta Moskuko eta San Migeleko “gertakari arbuigarriak” ekarri dituzte gogora. Diskurtso hori ez dela eskuin muturrera mugatzen zehaztu dute, eta “gizarte osoan zehar” azkar hedatzen dela, “ondorioz, errealitatearen irakurketa desitxuratua zabaltzen da”.
Zentzu horretan, gizarte egitura eraldatzea ezinbestekotzat jo dute, eta eredu komunistaren eraikuntzaren bidez: “Honek ez digu arazoa berehalakoan konponduko, baina irtenbide azkarrek ez du arazoa sekula konponduko”.