Abian da XXVII. Euskal Liburu eta Disko Azoka
Urtero bezala Arrantzale Auzoan kokatuko dute azoka; Joxean Sagastizabal idazleak jaso du 2021eko Hondarribia saria.
XXVII. Euskal Liburuaren eta Diskoaren Azokak ateak zabaldu ditu jada. Urtero bezala Arrantzale Auzoan bisita daiteke igandera bitartean, goiz eta arratsaldez. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken Batzordeko koordinatzaileak xehetasunak eman dituzte gaur goizean udaletxean egindako agerraldian. Joxean Sagastizabal idazleak ere parte hartu du aurkezpenean, eta bide batez, Hondarribia saria jaso du eibartarrak.
«Durangon ikusi ahal izan diren eskaintza nagusienekin irekiko du egunero azokak 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etik 20:30era, eta aukera handia aurki daiteke euskal literatura eta diskogintzan», adierazi du Muniategik. Erantsi duenez, erosketa guztiak %10eko beherapena izango dute.
«Urte hauetan guztietan egindako ibilbidearengatik» saritu nahi izan dutela Sagastizabal azaldu du, bestalde, Sagarzazuk. Besteen artean, Kutsidazu bidea, Ixabel, Jolasean, eta Zorotariko euskal hiztegia lanen egilea da. Erreginaren Baluartea jaso du idazle eibartarrak.