Mahai bat eratzeko arrazoiak «soberan» daudela dio Osasun Bidasoa plataformak
Larunbateko manifestazioaren harira komunikatua kaleratu du, eta erakunde, eragile eta elkarteak biltzen dituen mahaia eratzeko galdegin du.
Osasun Bidasoa plataformak manifestaziora deitu du larunbatean, Irungo San Juan plazatik abiatuta, 18:00etan. Deialdiaren harira komunikatua plazaratu du taldeak, eta bertan dioenez, mahai bat eratzeko arrazoiak «soberan» daude. Osakidetzaren, Irungo, Hondarribiko eta Bortzirietako udalen, sindikatuen, eta herritarren ordezkari diren elkarteak bildu beharko lituzkeela mahaiak argudiatu du. Izan ere, garrantzitsua iritzi dio plataformak ia 100.000 biztanleri zerbitzua ematen dion ospitalearen etorkizunari denen artean «heltzea».
«Jokoan dago etorkizuneko ospitaleak eskualdeko osasun beharrei erantzutea, eta birmoldaketa lanak egiten diren bitartean pazienteei kalte larririk ez eragitea», jarraitu dute kideek. Areago, osasun beharrak zein teknikoak «gutxienez datozen 30 urterako» bermatu beharko lituzke proiektuak.
Bloke kirurgikoa 18 hilabetez ixtearen aurka, eta osasun langileen eskubideen alde azaldu dira Osasun Plataformako parte hartzaileak. Hori guztia dela eta, larunbateko mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte eskualdeko eta inguruko herritarrak.
Bestalde, etzi, ostiralarekin, hitzaldia emango dute osasun langileek Hondarribiko Kultur Etxean, 18:30ean.