Durangoko Azokako Sormen beka Ibai Aizpurua irundarrarentzat
'Barraka' bideojokoarekin irabazi du beka programatzaile irundarrak. 15.000 euroko diru laguntzarekin urtebete izango du proiektua garatzeko.
Ibai Aizpurua programatzaile irundarrak irabazi du Durangoko Azokaren IV. Sormen Beka. Barraka bideojokoa garatzeko 15.000 euroko beka eman diote, eta urtebeteko epean egin beharko du.
Aizpuruak azaldu duenez, Barraka jokalari batentzako esplorazio eta abentura bideojoko umoretsua da, eta irudi errealak, stop motiona eta animazio tradizionala nahastuko ditu. “Abentura hau Ainhoa izeneko neskaren azalean biziko dugu. Bideojokoa Euskal Herriko herri txiki bateko festetan girotuta dago. Ainhoa barraka sorgindu batean sartu eta fantasiazko mundu bitxi batean murgilduko da”, gaineratu du Aizpuruak.
Aizpurua arduratuko da diseinua, irudiak, animazioak, soinuak eta programazioak sortzeaz, eta musikaren ardura, berriz, Gonzalo Sardon Amenaza-k izango du.
Epaimahaiak proposamena “iradokitzailea eta tentagarria” izatea baloratu du Lorea Arakistain PuntuEUS fundazioko komunikazio arduradunak jakinarazi duenez: “Fantasiazko mundu estetikoki eder eta gozagarria sortzen du, begiekin jateko modukoa. Era berean, helduoi barruan ahaztuta izan ohi dugun umea ateratzen lagunduko digu. Haur izan garen guztiontzat ezagunak diren bizipen eta erreferentziekin: herri txiki bateko festak, barrakak, gozokiz jositako mundu bat… plazerez betetako mundu bat”.