Tazacorteko Arrantzaleen Kofradia laguntzeko jarduerak, martxan
Hondarribiko Klub Nautikoak, Done Pedro Itsasgizonen Kofradia eta Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, La Palmako kaltetuen aldeko diru-bilketa egingo dute.
Hondarribiko Itsaskari Baita Klub Nautikoak Tazacorteko (La Palma, Kanaria uharteak) Arrantzaleen Kofradia laguntzeko jarduerak abiatuko ditu. Done Pedro Itsasgizonen Kofradiarekin eta Hondarribiko Udalarekin elkarlanean antolatutako jarduerak dira iragarritakoak.
Batetik, hilaren 11n, Gazterdi abesbatzak eta Klink elkarteko koralak elkartasun kontzertua eskainiko dute Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan. 480 lagunentzako lekua egongo da, eta sarrerak 3 euroan salduko dira. Horrekin batera, Rural kutxako kontu korronte bat zabalduko dute interesdunek dohaintzak egin ditzaten.
Bestetik, Hondarribiko hainbat kolektibok eta establezimenduk emandako opariak lortzeko ongintza txartelak 2 euroan salgai jarriko dira. Itsaskari Baita eta Done Pedro kofradiaz gain, besteak beste, ondokoek parte hartu dute zozketan: Arraunlari, Batzokia, Enbata, La Hermandad, Sutan, Txantxangorri, Xaia, Eroski, Solbes, Hiruzta eta Albistur.
Zozketa hilaren 21ean egingo dute, San Tomas egunarekin. Itsaskari Baitaren egoitzan, klubaren webgunean, eta prentsan ezagutaraziko dituzte saridunak.