Alokairu sozialerako 66 etxebizitza eraikiko dituzte Presa I eremuan
Visesak eta udal gobernuak orubearen inguruko akordioa itxi dute; hilaren 16an bozkatuko du proposamena Hondarribiko Udalbatzak.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak gaur goizean ezagutarazi duenez, alokairu sozialera bideratuko diren 66 etxebizitza eraikiko dituzte Presa I lursailean. Vivesa sozietate publikoak eta EAJren gobernu taldeak itxi dute horretarako akordioa. Hilaren 9an aurkeztuko zaie hitzarmena gainonteko udal taldeei Udalerria batzordean, eta hilaren 16an bozkatuko du proiektua Hondarribiko Udalbatzak.
Etxebizitzez gain, bizilagunentzako aparkalekuak eta trastelekuak eraikiko dituzte lurrazpian, baita 55 aparkaleku gehiago kalean eta 260 metro koadroko merkataritza lokal bat ere. Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aurreikusitako proiektua zen Presa I, baina horren baliogabetzeak egitasmoa eta Visesarekin 2018an itxitako akordioa bertan behera geratzea ekarri zuen.
Orain, 1996ko arau subsidiarioetan oinarritutako proiektua egokitu dute bi aldeek. Hasiera batean 84 etxebizitza eta errotaziorako aparkalekua aurreikusten zen arren, HAPOaren baliogabetzeak eta azken ikerketa geoteknikoek proiektua moldatzea ekarri dute “ezinbestean”, Sagarzazuren arabera. Zehaztu duenez, lurrazpian hiru solairuko aparkalekua eraikitzeko zailtasunak erakutsi dituzte ikerketek.
Hori horrela, eraikitze lanen %15 ordainduko du udalak; gehienez, 1.015.000 euro. Alkateak zehaztu duenez, kopuru horren %10a emango du udalak 2022an, %40a 2023an, eta %50a 2024an. Lursailari dagokionez, lagapena debalde egin beharko duela udalak gaineratu du Sagarzazuk, permuta ez baita onartzen gaur egun. Asebete agertu da akordioarekin agintaria, eta Presa II proiektuari heltzea ezinezkoa iritzi dion arren HAPOaren indargabetzea medio, datorren urteko abenduan Damarriko egitasmoari ekiteko itxaropena agertu du.