[Elkarrizketa] «Irabazleek idatzi dute historia, eta horrekin haustea da helburua»
‘Butterfly Effect’ antzezlana taularatu du Sarriegik bertan behera geratu den Euskararen Asteburuan. Historia irabazleek kontatu dutela eta, gogoetarako aukera eskaini du hitzorduak.
Zinema herriz herri eramaten duten bi ferianteren istorioa proposatzen du Butterfly Effect antzezlanak. Zertan datza proposamena?
Gizakiaren eboluzioari buruzko antzezlan bat proposatzen dugu, haur istorioetatik hasita espazioaren konkistaraino. Guk gaur egun bizi dugun historia iraganean beste gizaki batzuk egindako mugimenduaren ondorio da, eta horri nolabait ere garrantzia eman nahi izan diogu. Horregatik jolasten dugu izenburuarekin, Butterfly Effect edo tximeletaren efektuarekin, zeinaren arabera tximeleta baten hegoen mugimenduak hurakan bat eragin dezake munduaren bestaldean. Alegia, nola norbanako baten keinu txiki batek zein ondorio ekar dezakeen, eta nola guk bizi ditugun keinu horien ondorioak. Horrekin jolasten dugu.
Gizateriaren eboluzioaren inguruko hausnarketa bat da, beraz?
Bai. Horrekin batera, jendea gogoetara bultzatu nahi genuen: ezagutzen dugun historia kontatu diguten, zer-nola idatzita ezagutu dugun, norengandik idatzia den… Iruditzen zaigu beti posizio hegemonikoan egon diren pertsonengandik ezagutu dugula, eta halako hausnarketa bat bultzatu nahi dugu.
Historia idatzi dutenen planteamendua haustea da helburua?
Beti irabazleek idatzi dute historia, eta gutxienez, horrekin haustea da helburua. Horrekin batera, adibidez, aktoreak denak gizonak dira baina azpimarratzen dugu emakumeen rola zein izan den, emakumeei zein leku eman zaien historian. Izan ere, gure pertsonaiek historia kontatu zaigun bezala kontatzen dute, baina gero badago off-eko ahots bat zeinak bi aktoreei laguntzen dien historia azaltzen. Gure kontzientziaren ahotsa da nolabait off-eko ahots hori.
Eta tximeletaren efektuarekin alderatu duzue guztia.
Bai. Albert eta Mileva Einsteinen adibidea jartzen dugu beti. Biak elkarlanean aritu ziren, eta hala ere, Nobel saria bakarrik Albert Einsteni proposatu zioten, eta kontuz, zeren Milevak hori onartu zuen. Garaiko inertzia bat jarraitu zuen, eta aitari idatzitako eskutitz batean zioenez, teoria oso inportante batean lanean ari ziren, eta asmatzen baldin bazuten bere senarra ospetsua egingo zen.
Horren aurrean, ispilu bezala, Marie Courieren istorioa dago, kontrakoa delako. Radioaktibitatea deskubritu zuen senarrarekin batera, eta soilik gizona proposatu zuten Nobel saria jasotzeko. Senarrak, hala ere, emaztea proposatzen ez bazuten ez zuela saria jasoko esan zuen. Hala lortu zuen Marie Couriek lehen Nobel saria. Horrekin ikusarazi nahi dugu nola Einstein bikoteak garaiko inertzia patriarkala eta matxista jarraitu zuen, eta berriz, Couriek, senarrak egin zuen keinu txiki horrekin bide berri bat irekitzea lortu zuen.
Gogoeta sakona proposatzen duzue.
Ez hori bakarrik. Gertakari jakin batzuk hartu genituen, jendea pentsatzen geldi dadin. Adibidez, Colon eta Amerikako aurkikuntza. Zer gertatutako litzateke historia indiarrek idatzi izan balute? Gutxienez horretan pentsaraztea nahi dugu iritzi kritiko bat bultzatzeko.
Zuk sortutako eta zuzendutako antzezlana da, nola abiatu zen?
Tximeleta efektuak honekin ere zerikusi handia du. Nik sortutako idazlana izan da, baina bi aktoreekin talde lana eginez. Egin nahi nuena asmakizunen istorio bat zen, baina garaiko istorio bat kontatzea interesgarriagoa zela konturatu nintzen. Orduan esan genuen: zutik jartzen hasiko gara, ondoren gurpila, gero itsasontzia… Eta hori dena zerrenda batean jarrita ez genion mamirik ikusi. Orduan itsasontzian pentsatu genuen, eta bidaia batean oinarritzea otu zitzaigun, adibidez, Colonen bidaian.
Zuzenketa: Papereko edizioan Gorka Sarriegi izena erabili du HITZA-k, eta Mikel Sarriegi da izen zuzena.