[Erreportajea] Hautsa harrotu dute aitortza bila
Amiantoaren gaineko dokumentala estreinatu berri dute. Otsanda Tolosa irundarrak, asbestosiak hildako Celestino Tolosa aitaren prozesu osoa kontatu du lan horretan. Amiantoaren biktimei aitortza da .
Isilean, oharkabean egiten du eraso eta horregatik deitzen dute hiltzaile isila. Urteak harekin lanean arituta, zirrikitu guztiak baliatzen ditu amiantoak, eta denbora luzera ateratzen da argitara, atzeraezinak diren kalteak eraginda irentsi duenari. Celestino Tolosa Xarra irundarra 2008an zendu zen. CAFen lan egin zuen, eta 2018ko urrian EAEko Justizia Epaitegiak CAFen amiantoarekin lan eginda gaixotu eta hil zela ebatzi zuen, eta gaixotasun profesionala aitortu. Bi biriketako transplantea egin zioten aurretik Valdecilla ospitalean (Kantabria, Espainia) eta birikak gordetzeko eskatu zien medikuei. Hamar urte geroago, gakoa izan ziren hil zuen gaitza amiantoak eragindako asbestosia izan zela frogatzeko. 2020an itxi dute bide judiziala haren senideek.
Bide luzeaz gain gogorra, oso gogorra izan da, baina adorez eutsi diote egia aitortzea lortu duten arte. Otsanda Tolosa Celestino Tolosaren alaba da, eta amiantoak bizitza hankaz gora jarri zien unetik egindako ibilbidea kontatu du aurkeztu berri duten dokumental batean.
Celestino Tolosa zenaren ibilbidea da dokumental horren hari nagusia alabaren testigantzatik abiatuta, eta amiantoaren biktima izan diren beste langileen senideek ere izan dute tartea. Hauts. Hala du izena Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko saileko ikasle diren Ekhiotz Manzisidor, Omar Grana eta Iñaki Fernandezek ondu duten dokumentala.
Oihartzun ikaragarria izaten ari dela esan du Tolosak. Bergaran estreinatu zuten joan den asteko asteartean, eta ostegunean, berriz, Irungo Kabigorrin eman zuten. Kabigorriko emanaldian parte hartu zuen, eta hunkituta azaldu da Celestino Tolosa zenaren alaba: «Oso sinbolikoa izan zen, aita eta ama Kabigorriren sortzaileetako batzuk izan zirelako eta bertaratutako 65 lagunen artean niretzako oso garrantzitsua den jendea izan zelako». Dokumentalak Celestino Tolosaren prozesu guztia kontatzen du; gaixotasunaren hasieratik 1992an, prozesu judizialaren bukaera arteko bidea (2020) marrazten du. «Emozio handia dago, lehen pertsonan kontatuta dagoelako. Hainbeste gauza gertatu dira, hainbeste urte izan dira…».
2020an amaitutako prozesua
2008an hil zen irundarra eta bide judizialari 2017an ekin zioten Otsanda Tolosa alabak eta Kontxi Urbieta alargunak; 2020an amaitu zen prozesua, eta tamalez, Urbieta hura amaitu baino aste batzuk lehenago hil zen. «Prozesua abiatu eta irabazteko ezinbestekoa izan zen aitak birikak gordetzeko eskatu izana transplantea egin ostean. Une horretan argitasuna izan zuen, eta horri esker frogatu ahal izan dugu amiantoak hil zuela». Bide judiziala amaituta, arantza bat du Tolosak, baina. Izan ere, CAF enpresak ez du aitortzarik egin. «Hainbeste kasu eta prozesu judizial izanda, ezin da ulertu. Oraindik ere kasu gehiago izango dira. Guretzako eta biktima guztientzako oso garrantzitsua da aitortza izatea. Arlo ekonomikoak garrantzia du, noski, baina aitortza moral bat, enpresak publikoki erreparazio bat egitea, ezinbestekoa da».
Jarrera bera izatea egotzi die Tolosak instituzioei. «Epaiketa prozesua amaitutakoan, epailea hurbildu zitzaidan ‘asko sentitzen dut aitaren heriotza’ esatera. Hori izan da instituzio batek aitortu duen lehen aldia, baina berak pertsonalki egin zuen, ez inoren izenean. Eusko Jaurlaritzatik, Irungo Udaletik… ez dugu inondik aitortzarik jaso». Babesa jaso dute, eta sentitu dute hurbil-hurbiletik. Ondoan izan dituzte eta dokumentalean ere hala kontatzen du, Asviamie elkartea, eta CCOO, ESK, Esteilas, LAB, eta ELA sindikatuak, baita EH Bildu, Ezker Batua eta Podemos alderdi politikoak ere.
Urte luzeko borroka gaixotasunaren aurka, eta krudel azaldu den enpresaren aurka. Gogorrena zer izan den zalantzarik ez du Tolosak: «Aita kriminalizatzea prozesu judizial osoan zehar». Horri beste zerbait gehitu dio, ikaragarri gogorra izan dena, prozesuaren amaierara heldu eta ez aita eta ez ama ez izatea ondoan. «Amak (Kontxi Urbietak) lau urteko bide judiziala bere gaixotasunarekin batera bizi izan du paraleloki. Azken epaiketan bizirik zegoen, baina CAFek errekurritu zuenez, ez zuen erresoluzioa ezagutu aste batzuengatik; eta hori oso gogorra izan da, bide guztia elkarrekin egin dugulako amak eta biok».
Hauts omenaldia da, aitortza aitari, amari, eta amiantoaren biktima eta haien senide guztientzat. «Amiantoaren bueltan gabiltzan biktima eta familiak ikusaraztera dator, eta hainbat urtez isilik egon den hauts hori harrotu eta lau haizetara zabaltzeko balio izatea espero dut».
Bidea gogorra izan bada ere, zerbait erakutsi badute Tolosak eta haren amak, adorea eta indarra izan da. Tolosaren ahots eta begirada samurraren atzean, gurasoekiko maitasun eta miresmena ageri dira, baita egia azalarazteko determinazio irmoa eta horretarako behar den indarra ere. Gogorra izan da bidea, hala aitortu du irundarrak. Ez du, hala ere, amore emateko tentaziorik sentitu inoiz ere: «Bi eredu oso inportante izan ditut aita eta ama, bizitzan beti erakutsi didate zerbaitetan sinisten baduzu, borrokatu egin behar dela lortzeko. Beti izan dut kemena eta adorea aurrera egiteko, eta beti sinistu dut amak behin eta berriro esaten zidana, ‘bukaeraraino iritsiko gara’».
Prozesu judizial luzearen azken epaiketa ohetik jarraitu zuen Urbietak gaixotasunaren azkenekotan; enpresa negoziatzen saiatu zela kontatu du Tolosak. «Amarekin partekatu behar nuen, bera parte izan da azkeneraino, eta erantzun argia eman zidan, ‘Otsanda bukaerara arte, egin egin behar duzuna, baina iritsi bukaerara arte’».
Bukaeraraino heldu dira, hori zuten helburu, nahiz eta bidean harri ugari jarri, eta horrek kostu pertsonal handia izan. Horretaz ere mintzatu da irundarra, kostuaz. Izena jarri dio: «Ibilbide luzea izan da, nekagarria, dolua ixten joaten zara baina behin eta berriz zabaltzen duzu prozesuan; pertsonalki deskantsatzeko beharra sentitzen duzu, bakea behar duzu. Honek suposatzen badu ahotsa ematea amiantoarekin gertatutakoari, horrek ere indarra ematen dit aurrera jarraitzeko, beste pausu bat emateko».
Enpresak salatzea ezinbestekoa
Puntu horretara helduta, bere familiak pasatako egoera hori egun bizitzen egon daitezkeen familiei zuzendu zaie Tolosa, aintzat hartuta bakoitzak bere denborak dituela, bere ekiteko moduak eta bere beharrak. «Indarrak neurtu beharra dago, eta batzuetan indar hori ateratzeko gai izan behar da prozesuan aurrera jarraitzeko. Errespetagarria da bakoitzak hartzen duen bidea, baina lan handia egin da aurretik, eta orain amiantoaren biktimak laguntzeko funtsarekin erraztasun handiagoak izango dira».
Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko diru funtsa onartu berri du EH Bilduk proposatuta aurrekontu orokorrak onartzeko negoziazio prozesuan. Berri ona da Tolosarentzat: «Ea behingoz aurrera ateratzen den. Badirudi beti atean gelditzen garela, aurrera egin gabe, beti badago oztoporen bat, beraz, ea behingoz betetzea lortzen dugun». Mezu argia helarazi du: «Salatu behar da, enpresak epaitegietara eraman behar dira, ezinbestekoa dugu urrats hori egitea egia aitortuko bada».
Dokumentalaren atzean dauden hiru ikasleei ere eskaini dizkie hitz batzuk, esker onekoak. «Gustura sentiarazi naute, ahaztu egin dut kamera aurrean nintzela, benetan profesionalak izan direlako ikasleak izanik oraindik. Oso lan polita egin dute, maitasunetik eta errespetutik, eta nabaria da».
Euskal Herrian barrena hitzorduak
Euskal Herriko herri ugaritan eskatu dute dokumentalaren emanaldia eta solasaldia antolatzeko. Tolosak uste du gero eta gehiago izango direla bat egingo duten udalerriak: «Gertatutakoa ezagututa ere, dokumentalak emozioak beste modu batean bizitzea suposatzen du, lehen eskutik kontatzen dugu bizi duguna, nola bizi dugun, prozesu osoa nolakoa izan den; dokumentalak sentsazioak transmititzen ditu».
Amiantoak erabat aldatu zuen beraien bizitza, hankaz gora jarri zuen, eta gaixotasun prozesu gogorraren ostean epaiketa prozesu zail bezain latza heldu zen egia bilatzeko bidean. Amiantoa gauza asko izan direla dio Tolosak: «Izan da gaixotasuna, nekea; izan da indarra, ikaskuntza; baina batez ere, hiltzaile isila izan da».
Judizialki amaituta du bidea Tolosak, kalte-ordainak jasota dituzte, baina oraindik ere zer edo zer falta du prozesu guztia ixteko: «CAFen aitortza da falta den bakarra, eta hori oso garrantzitsua da aitarengatik, familiarengatik, eta amiantoak eragindako beste biktimengatik». Arantzen zaku horretan sartu ditu erakundeak, aitortzarik ez dutelako jaso haien aldetik. «Hainbeste min eta sufrimendu eragin duen eta eragiten ari den amiantoaren inguruan zerbait esateko garaia dutela uste dut. Haiei ere badagokie zer edo zer esatea, aitortzea ehunka biktima horiek».
Bien bitartean, Hauts omenaldi bat da, maitasunetik eta errespetutik egia erakusteko eta lau haizetara zabaltzeko saiakera zintzoa. Hauts aitortza da Celestino Tolosari, Kontxi Urbietari, familiei, ikusi ezin izan dutenei, borrokatu dutenei, eta oraindik orain borrokatzen ari direnei, «dokumental hau aitortza da, finean, hauts isil hiltzaile horren inguruan gauden guztientzat omenaldia».