Euskararen Nazioarteko Egunean adierazpen instituzionala kaleratu du udalak
Alderdi guztiek sinatu dute adierazpena; "komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea" dela erronka nabarmentzen du adierazpenak.
Hondarribiko Udala osatzen duten lau alderdiek, EAJk, Abotsanitzek, EH Bilduk, eta PSE-EEk, Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala babestu dute. Testuan nabarmendu dutenez, pandemiak sortutako egoeraren aurrean “ez dadila funtsezkorik ezer atzean geratu. Ezta euskara ere, inola ere”. Zentzu horretan, “komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea” dela erronka nabarmendu dute sinatzaileek. Normaltasun berrirako bidean, “aukera paregabea” da euskara lanabes eta tresna “eraginkor” bilakatzeko: “Guztion esku dago”.